Gazteek piztuko dituzte jaiak
Berriatuko Sangregorio jaiak hasiko dira barikua eta astelehenara arte luzatuko dira. Hurrengo asteburuan jarraituko dute gero.
Sangregorioak ate joka datoz. Egun bakarra falta da txupina bota eta inguruetako lehen jaiak martxan jartzeko. Aurten gazte asanbladari egokitu zaio, herritarrek hain maite dituzten jaiei hasiera emotea.
Sangregorioak bereziak dira herritarrentzat. Ez bakarrik herriko jaiak direlako. Euren eurenak sentitzen dituztelako da. Herriko taldeetako ordezkariak bilduta antolatzen dituzte, eta horrek, nahi eta nahi ez, herritarren parte hartzea bermatzen du.
Ageri agerikoa den parte hartzea izaten da, gainera: playback-ean izena emoten duten taldeak, herriko dantza taldearen zein rock taldea emanaldiak, koadrilen presentzia kalejiretan, paella egiten duten guztiak, zestalarien ahalegina… Aurten, gainera, herriko trikitilariek eskainiko duten erromeria gehitu behar zaio zerrendari.
Neskak mutil eta alderantziz
Lehen egunean udaletxeko balkoiko jaun eta jabe egin den pertsonaia jaitsiko dute: Kaxero Gaupasero.
Pertsonaia, berez, mutil jantzitako neska bat da. Eta jendeari hori egitea eskatzen zaio: mutilak neska janztea eta neskak mutil. «Jaiak eta parranda gustatzen zaion baserritar bati egiten dio erreferentzia. Disfrazatu, parrandan ibili, ondo pasatu… Herriko jaietaz gozatzen duenaren irudia da, azken finean», dio Jon Mugartegi alkateak.
Ekitaldi finkoak
Berriatuko jaietan falta ezin diren hainbat elementu daude.
Mantentzen diren elementu horien artean, nagusiena, paella lehiaketa da. «500-600 lagunek parte hartzen dute paella egiten. Lehen tortilla ere egiten zen, baina ez zuen protagonsimo bera», dio alkateak. «Berriatutik kanpo bizi den jendea ere etortzen da egun horretan. Gero eta jende gehiago batzen duen ekimena da».
Aurten ere paella lehiaketa martxan jarriko dute. Batzen duen jende kopurua ikusita,izena aurrez emoteko eskaera egin dute antolatzaileek. Eta horretarako azken eguna gaur da.
Elementu finkoekin jarraituz, ezin ahaztu kontzertuak. Mitikoak dira, esaterako, Su ta Gar taldeak Berriatuko plazan emondako kontzertuak. Aurten, ostera, beste talde batzuei egokitu zaie oholtza gainera igotzea: barikuan, Norte Apache, Itziarren semeak eta Zortzi ipurdi ariko dira; eta zapatuan, Berriatuko Desein taldea eta Madrildik etorritako Hamlet. Kontzertuak antolatzerakoan, gazte asanbaldak paper garrantzitsua jokatu du. «Aurtengo jaietan lehenengoz, gaztetxea ere zabalik egongo da. Etorri bada guztiuok!».
Sangerogorio jaietako egitaraua
Maiatzak 6, barikua Kaxero gaupasero
19:00ak. Kaxero Gaupaseroren jaitsiera eta txupinazoa udaletxean, Gazte asanbladaren eskutik.
Ostean. Txistorra eta sagardoa jan-edateko aukera.
22:00ak. Playback lehiaketa.
Ostean. kontzertuak (Norte Apache, Itziarren semeak eta Zortzi Ipurdi).
Maiatzak 7, zapatua Azoka eguna
10:00ak. Nekazal eta kontserba azoka.
12:30ak. Herriko trikitilarien kalejira
18:00ak. Giro senegaldarra herriko kaleetan zehar (tartean, koadrilen arteko jokoak egongo dira).
23:00ak. Kontzertuak (Desein eta Hamlet).
Ostean. Erromeria (Hiru gabe Bi taldeagaz).
Maiatzak 8, domeka apella eguna
09:00ak. Mahaiak jarri, tresnak hartu eta paellak egitea.
14:00ak. Paella txapelketa eta, ostean, plazan, herri bazkaria.
17:00ak. Erromeria berriatuko Naiara eta Eneritz trikitilariekin.
22:00ak. Lekeitioko Zehatz taldearen musika emanaldia.
Maiatzak 9, astelehena San Gregorio eguna
12:00ak. Meza nagusia.
Ostean Herriko Sarats dantza taldearen emanaldia.
17:00ak. Mus eta briska txapelketak.
17:30ak. Umeen jolasak.
Ostean. Umeen disko-festa (musika ekarriko eta ipiniko da).
Maiatzak 14, zapatua txirrindulari eguna
09:30ak. Mountain bike martxa (umeentzako buelta txikia egongo da).
15:30ak. XXX. afizionatu mailako txirrindulari lasterketa.
San Gregorio Sariketa.
Maiatzak 15, domeka indar eguna
12:00ak. Euskal Herriko Lur Gaineko txapelketa (680 kiloko mailan, 2. jardunaldia).
16:30ak. Zesta puntako San gregorio Txapelketako finalak. III. Felix Aldazabal memoriala.