Datorrena datorrela, jaietan jai
Barikutik atzora arte Berriatua herriko jai nagusietan murgilduta egon da; atzo egun handia zuten, herriko zaindariaren eguna, eta asteguna izan arren, asteburuan egin duten bezalaxe, jaiari eutsi egin diote herritarrek
Jaia jai, asteguna ere hala nahi. Hala dio atsotzitzak. Eta egutegiak hala nahi izan duelako, berriatuarrek bete-betean, bete. Atzo astelehena izan arren, San Gregorio Eguna zen; Berriatuko zaindariaren eguna. Herriko egun handia.
Eliza kristauari lotutako jai eguna izanik, herriaren erdigunean harro bezain sendo eta eder ageri den elizan emon zioten hasiera egunari hainbat eta hainbat berriatuarrek: 12:00etan, meza . Eta ostean, elizari buelta emon zioten prozesioan, San Gregorioren irudia aurreko aldean zutela.
Elizaren lau kantoietan gelditu ziren. Lau norabidetan botatako ur bedeinkatuagaz herriaren eta herritarren babesa eskatu zuten. «Barruko zein kanpoko gaitzetatik babesteko eskatzen diogu San Gregoriori», azaldu zuen apaizak.
Meza bukatuta, herriko Sarats dantza taldekoen hartu zuten erreleboa.
Eta dotore aritu ziren; hala adierazten zuten herritarrek eskainitako animo ohiu eta txaloek.
Arratsaldean barriro be, umeak izan ziren protagonista. Haientzako joko eta dantzak izan baitziren bazkal ondorengo orduetarako prestatuta zeuden ekimen nagusiak.
Barikutik martxan
San Gregorio Eguna atzo izan arren, barikutik hasita zeuden herriko jaiak. Kaxero Gaupasero izan zen aurten be, jaiari hasiera emotearen arduraduna.
Nahiko puntual etorri zen herrira jaietan udaletxeko balkoiaren jaun eta jabe izaten den pertsonaia.
Eta hura inguratzen adin guztietako herritarrak atera ziren, kantuan, dantzan eta tronpetak jotzen: Kaxero Gaupasero/ jaitsi da herrira/ jarriaz Berritxuko/ plazara begira/ ai zemat ohiu, salto/ eta kalejira/ San Gregorio jaiak/ pil-pilean dira. 
Udaletxe aurrean bilduta, gazte asanbaldakoek hartu zuten berba. Eta urteari umorez betetako errepasoa emonez, txupina bota eta jaiak ofizialki martxan jarri zituzten.
Gauera arte, ez zen ondo pasatzea beste egitekorik. Orduan helduko ziren play back-a eta kontzertuak. Gauakbaina, berriatuarren jai gogoa proban jarri nahi izan zuen. Kontzertuen txandan, herria ilunpetan gelditu ez. Ez argi, ez musika eta ez ezer.
Baina horrek ez zituen berriatuarren gogoak ilundu. Handik, atabala eta hemendik trikitia eta panderoa atara eta jai giroan jarraitu zuten gorputzak lagundu arte.
Lotara joandako orduari erreparatu gabe, eguerdirako ostera be denak listo. Edo asko bai behintzat. Izan be, hainbat lekutatik ekarritako produktuekin betetako azoka zeukaten zain. Tartean, urtero bezala, herriko gozogileak. Eta urtero bezala, arrakasta handia izan zuten zerbait erostera hurbildu zirenen artean.
Barriro be, berriatuarrak proban jartzen. Oraingoan, euria hasi zuen. Baina aterkiak ireki edota plazako zuhaitzen zein etxetxoen azpian sartu eta lasai bili ziren, inorako presa barik.
Arratsaldean zein gauean, musika protagonista. Lehenik, senegaldarrek markaturiko erritmoari jarraitu zioten. Ostean, herriko rockeroen musika notak izan ziren eta azkenik, Madrildik etorritako Hamlet taldekoek euren onena eta azkena eskaini zuten.
Domeka lasai planteatu, eta ohi duten legez, elkarregaz bazkaldu zuten. Menua ezaguna: paella. Eta eguna amaitzeko, ekin barriro be, dantzari. Ez zuten ez, ardura handiegirik. Hurrengo eguna, astelehena izan arren, jai zuten eta.