Lau talde batuko ditu Kontzijope Rock jaialdiak
Kontzijope azpian elkartuko dira seigarren urtez rock zaleak. Lau taldeen doinuekin gozatzeko aukera izango dute aurten: Gernikako Sarkor, Baionako Infest eta Lekeitioko Messun Dorma eta T.Y.A. taldeekin. Lekeitioko Rock jaialdiak giro ona ekarriko du ...
Kontzijope azpian elkartuko dira seigarren urtez rock zaleak. Lau taldeen doinuekin gozatzeko aukera izango dute aurten: Gernikako Sarkor, Baionako Infest eta Lekeitioko Messun Dorma eta T.Y.A. taldeekin. Lekeitioko Rock jaialdiak giro ona ekarriko du berriro be, zapatuan 22:00etan, udaletxe azpira.
Herriko taldeei taula gainera igotzeko aukera bat emoteko asmoz sortu zen orain dela sei urte Kontzijope Rock jaialdia. Halantxerik, Messun Dorma eta T. Y. A. taldeei aukera emango zaie oraingoan. T. Y. A. taldearentzat, esate baterako, estreinua izango da, eskenatokira ateratzen den lehenengo aldia. Messu Dormak, berriz, diskoa atera barri du eta jaialdian aurkeztuko dute.
Kanpoko taldeak
Herriko taldeez gainera, azken urteetan, kanpotik be taldeak ekartzen dituzte «musika aukera zabaltzeko». Herriko taldeei aukera emoteagaz gainera, doinu fresko eta berriak ekartzea dute, beraz, helburu antolatzaileek.
Infest taldea, 2003-an Lapurdin sortutako taldea da, zehazkiago Baionan. Lau kidek osatzen dute taldea: Pat baxuan, Bud ahotsan, Flow gitarran eta Sbeu baterian. Musika aldetik grindcore eta hardcore nahasketa jotzen dute.
Sarkor gernikarrak, berriz, punkrock amerikarraren kutsuak, melodiak eta abiadurak definitzen ditu, nahiz eta puntu honetara heldu arte, estilo eta bide desberdinak zeharkatu dituzten.