Mendexa “guztien artean eraiki” nahi du EAJk
‘Mendexa, gure etxea’ lelopean aurkeztu dute euren programa; herritarren iritziak batzeko bidea jarri dute
Herritar guztien artean eraiki behar duten herria. Berba horiekin adierazi du EAJ-PNVk herriari buruz duen ikuskera herri programan. Leloak be zentzu hori du: Mendexa, gure etxea.
EAJ-PNVko hautagaiek euren egitasmoa aurkeztean emondako «bermea», azken urteetan Udalean egindako beharra izan da. «Seriotasunez, esandakoa eta proposatutakoa errealitate bihurtzeko egin dugu behar. Esan eta egin», dio Jesus Anakabe alkategaiak. «Udalean jarraitzeko asmoa dugu. Horregatik beharrezkoa da bizilagunek uste dutena ezagutzea». Horretarako, programan bertan zenbait galdera planteatu dizkiete herritarrei eta erantzunak mendexa@eaj-pnv.eu helbidera bidal daitezke.
EAJ-PNVren programan ondoko proposamenak jasotzen dira:
Gizarte gaiak
-Gizarte ekintza, beharrezko.
Adinekoen zein elbarritasun bat dutenen beharrei erantzuten jarraitu nahi dute. Euren esanetan, gero eta handiagoak dira-eta.
-Elkarte eta familiei laguntza.
Familiei Udalak emoten dien laguntza, 16 urte baino gitxiagoko seme-alaba bakoitzeko, 150eurotara igotzea proposatzen dute. Herriko taldeentzako laguntza mantentzea da euren asmoa.
-Lanpostu gehiago herrian.
Lanpostuak sortu eta garapenera bideratutako lerroak sortu nahi dituzte. Zentzu horretan, herriaren aukerak zabalak direla sinisten du alderdiak, eta Udalak proiektuen garapenean lagunduko du.
Azpiegiturak
-Begiratoki eta zabuen zonaldea suspertu.
Begiratokiko etxabeetan gaztegunea eta gimnasioa jarri nahi dituzte.
-Leagi eta Zelai arteko zirkulazioa hobetu.
Aldundiagaz batera, errai barri bat atara nahi dute, zirkulazioa hobetzeko eta ingurukoei trabak kentzeko.
-Lekeitiotik herrirako sarbidea hobetu.
Bidea zabaldu eta egokitu nahi dute, arriskuak murrizteko.
-Gasa eta baserri bideak.
Arrasate-Likona zonaldean gasa sartzen jarraitu eta baserri bide nagusiak konponduko dituzte.
Etxeak eta ekipamenduak
-Lehentasunezkoa, etxebizitza tasuak edo sozialak egitea.
Gazteak eta familiak herrian gelditzea nahi dute.
-Hobekuntza eta promozioa.
Frontoiko obrekin jarraitu, aisialdiko zonalde barria sortu eta kirol zerbitzuak ugaritu nahi dituzte.