Parte-hartzearen bidetik
Antzina bezala, kontzekupean batu ziren Bildukoak zapatuan Udal parte-hartzailea bultzatuko dutela aldarrikatzeko. «Denok bilduko gara udaletxean denon herria osatzeko», esan zuten. Horixe da, azken finean, Markina-Xemeingo Bilduk planteatzen duena, herritarren Udala eratzea, Udal parte-hartzailea. Markina-Xemeingo Bildurentzat garrantzitsuena, daukaten filosofia da: ezkerrekoa eta abertzalea. Alde batetik, udaletxeak, orain arte, publiko diren gauzak pribatizatu egiten dituela pentsatzen dute: kudeaketa kontuak, kiroldegia eta San Roke Egoitza besteak beste. Hori guztia publiko izatea nahi dute eta euren beharra hortik joango da. Bestalde, ezkerra izatea demokrata izatea dela dio Bilduk. «Erabakiak plenoan hartu barik Gobernu Batzordean hartzen dira, eta orain, EAJkoak bakarrik daude bertan», diote. Plenoak, berriz, hiru hilabetetik behin eta 08:00etan egiten dira eta hori ez da oso demokratikoa Bilduren ustez. «Udala eta herria nahiko bananduta daude eta hurreratzea nahi dugu», esan dute. Erronkak Datorren agintaldian, Uhagon proiektua amaitu eta sorkuntza eta taldeen arteko harremana bultzatzea izango da Bilduren erronka nagusietako bat. Hasierako proiektuko zati bat eginda dago bakarrik, eta bigarren fasean talde guztiak batuko lituzken lekua sortzea zen asmoa. Horren aldeko dira Bildukoak: «Herriko talde guztiak bildu nahi ditugu, kultura parte-hartzailea eta sorkuntza bultzatuz». Euskara zabaltzen be jarriko dituzte indarrak. UEMAn sartzea, aurrekontuaren %2a bertara bideratze eta euskara teknikaria jartzea premia nagusiak dira [...]
Antzina bezala, kontzekupean batu ziren Bildukoak zapatuan Udal parte-hartzailea bultzatuko dutela aldarrikatzeko. «Denok bilduko gara udaletxean denon herria osatzeko», esan zuten. Horixe da, azken finean, Markina-Xemeingo Bilduk planteatzen duena, herritarren Udala eratzea, Udal parte-hartzailea.
Markina-Xemeingo Bildurentzat garrantzitsuena, daukaten filosofia da: ezkerrekoa eta abertzalea. Alde batetik, udaletxeak, orain arte, publiko diren gauzak pribatizatu egiten dituela pentsatzen dute: kudeaketa kontuak, kiroldegia eta San Roke Egoitza besteak beste. Hori guztia publiko izatea nahi dute eta euren beharra hortik joango da.
Bestalde, ezkerra izatea demokrata izatea dela dio Bilduk. «Erabakiak plenoan hartu barik Gobernu Batzordean hartzen dira, eta orain, EAJkoak bakarrik daude bertan», diote. Plenoak, berriz, hiru hilabetetik behin eta 08:00etan egiten dira eta hori ez da oso demokratikoa Bilduren ustez. «Udala eta herria nahiko bananduta daude eta hurreratzea nahi dugu», esan dute.
Erronkak
Datorren agintaldian, Uhagon proiektua amaitu eta sorkuntza eta taldeen arteko harremana bultzatzea izango da Bilduren erronka nagusietako bat. Hasierako proiektuko zati bat eginda dago bakarrik, eta bigarren fasean talde guztiak batuko lituzken lekua sortzea zen asmoa. Horren aldeko dira Bildukoak: «Herriko talde guztiak bildu nahi ditugu, kultura parte-hartzailea eta sorkuntza bultzatuz».
Euskara zabaltzen be jarriko dituzte indarrak. UEMAn sartzea, aurrekontuaren %2a bertara bideratze eta euskara teknikaria jartzea premia nagusiak dira Bildurentzat.
Bestalde, etxebizitza sozialaren beharrari erantzun behar zaiola defendatzen dute, eta horretarako, lehenengo etxe zaharrak eta hutsik daudenak erabili behar direla azpimarratzen dute. «Zaharrak berritzen lagundu eta gero, eraiki behar bada, eraiki». Udaletxeko gaur eguneko finantziazioa eraikuntzari lotuta dagoela ikusten dute eta udaletxea horretan sartzen bada etxebizitzak egitea bultzatzen dela diote. «Etxebizitza herritar guztion eskubidea da eta horren alde, alokairuko etxebizitza publikoak bultzatuko ditugu», esan dute.
Parekidetasuna ailegatzeko proiektuak garatzea izango dute beste helburuetako bat. Bide horretan Udal Batzorde bat sortzea garrantzitsua dela uste du Bilduk. Gazteei dagokienez, Udaleko batzorde guztietan gazteen presentzia bermatu behar dela ikusten dute eta gazteen eskaerak erantzuteko bitartekoak jarriko dituzte.
Arrazakeria eta xenofobiaren aurka eta elkarbizitza eta aniztasunaren aldeko politika egingo dute. «Denen artean egiten dugu herria eta denak ditugu eskubide eta betebeharrak nondik gatozen ardura barik», aitatu dute.
Baserritarren eskubideak defendatzeaz gain, baserritarrek ingurugiroari eta paisaiaren nortasunari egiten dioten ekarpena azpimarratzen dute. Halan, krisi estruktural sakonean dagoen sektore horren benetako argazkia egin eta suspertzera bidean erabaki zuzenak hartuko dituzte. Herriko baserritarrekin harreman zuzena izatea ezinbestekotzat jotzen dute.