Herriaren garapena dute oinarri
Herritarren Aukeraren «porrota» ikusita, EAJk, lehenengoz, udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du Berriatuan
Berriatuarentzat eta berriatuarrentzat onena. Hori da, guztiaren gainetik, EAJko kideek lortu nahi dutena. «Herria eta herriaren garapena da guretzat garrantzitsuena», nabarmendu du Pedro Mari Balenziaga alkategaiak.
EAJk lehengoz aurkezten ditu udalerako hautagaiak Berrituan. Erabaki horren atzean, azken urteetan gobernatu duen herri kandidaturaren «porrota» dago. «Orain arteko funtzionamenduagaz arrisku hori hor zegoela garbi ikusten genuen. Hortik ikasgai argia atara dugu: sasoia da Udalean ordezkaritza politikoa irekitzeko eta seriotasunez aritzeko», adierazi du Balenziagak «Beste modu batera pentsatzeari beldur izatea gainditu behar dugu».
Alderdiaren atzeko baloreak
Berriatuko EAJko zerrendakideek hiru zutabe nagusitan oinarritu dituzte euren proposamenak.
Alde batetik, egiten diren ekimenak «guztien onerako» izatea nahi dute. «Zentzu onetan daukagun adibide argiena arau subusdiarioena da. Patxadaz hartu eta denbora laburrean zaharkituko ez den planteamendua egin beharko genuke». Balenziagaren ustetan, aurrera begiratu eta «etorkizuneko Berritxuren oinarriak jarri» behar dira, inprobisazioak baztertuz eta luzera begirako planteamenduak eginez. «Biztanleriaren balizko hazkundea kontuan hartuko duen hiri diseinu barria egin beharra dago».
Beste alde batetik, herritarrekin komunikazio harremanaksendotzea behar-beharrezkotzat jotzen dute, bereziki, erabaki garantzitsuak hartu aurrean.
Eta azkenik, abertzaletasuna sendotzea dute helburu, bai herri mailan, baita beste rrakundeekin indarrak batuz ere.
Proposamen nagusiak
Ekonomia eta enplegua, gizarte ekintzak, bizi kalitatea, etxebizitza eta aisialdia, gazteria eta kiriolak dira EAJk aurkeztutako programaren ardatz nagusiak. «Gobernatzeko modua aldatu nahi dugu, sakon-sakonetik».
Ekonomi arloan, bereziki, Udalak «erantzukizun osoa» hartu behar duela uste dute. «Kanpoko eragileek egin dezaketenaren gainetik, herriaren garapenean Udalak duen arduraz jabetu beharra daukagu eta zentzu horretan behar egin», dio Balenziagak. «Era berean, herritarrak herrian behar egin ahal izateko enplegua sortzea beharrezkoa da»
Finantza arloan, ostera, zuhurtasunez jokatzeko konpromisoa hartu du EAJk. «Material eta zerbitzu hornitzaileek eroaten duten udal partida nabarmen igo da, baita pertsonalaren gastuak ere. Inbertsioetarako ahalmena murrizten du horrek. Herriko finantziaketa eredua aldarazten du horrek. Hurrengo urtetan gastuetan zuhur jokatu beharra dago». Horretarako, EAJtik finantza arloan ere, epe luzerako plangintza proposatzen dute, «orain arteko urte batetik besterako eredua aldatuta».
HAUTAGAIAK
EAJren hautagaitza «alderdiaren bermea duen talde prestatua» dela ziurtatu dute. «Ez gatoz aurka egitera;herriaren onerako behar egitera gatoz. Gure asmo herriarentzako onena lortzen saiatzea da».
1. Pedro Mari Balenziaga.
2. Alain Bilbao.
3. Maria Esther Amallobieta.
4. Iker Lobera.
5. Iraskune San Vicente.
6. Txomin Goitia.
7. Roberto Arantzeta.
8. Estibaliz Lopetegi.
9. Jose Ignazio Urruzuno.