Herrigintzan sakontzen
Herritarren artean egindako kontsultan oinarritu du Ziortza-Bolibarko EAJk bere programa; esperientzia eta ilusioa batu dituzte aurkeztu duten taldean
Herrigintzan sakontzea da EAJren nahia datozen urtetarako. Orain arte herriko azpiegituretan egindako hobekuntzei jarraipena emon eta aurrera begira dauden hutsuneak bete nahi dituzte.
Azken urtetan alkate izan den Jose Azpiazu dute zerrendaburu: «Ziklo bat amaitu eta aro barrian sartu nahi dugu Ziotza-Bolibar». Zerrendan, ostera, aurrez egondakoak zein jende barria batu dituzte. «Esperientzia herrigintzan, gaztetasuna eta auzokoekin behar egiteko gogoa dira gure hautagaiek emongo dutena», dio Azpiazuk. Hautagaitza osatzen duen jendeaz gain, alderdi «sendo baten» babesa izatearen garrantzia azpimarratu nahi izan du.
Gainera, esandakoa betetzen dakiten horietakoak direla gaineratu du Azpiazuk. «Iazko legealdiko egitasmoaren %90a bete dugu. Esan eta egin egiten dugu guk. Datorren legealdian, gelditzen direnak amaitu eta proiektu barriei ekingo diegu».
Etorkizuna turismoan
EAJk herriaren etorkizuna turismoa bultzatzetik ikusten du. «Herriak horretarako aukera emoten du, eta bide horretatik hainbat hobekuntza egingo ditugu».
Halan eta be, herrigintza ez dute «alde batera utziko». Herrian garrantzizkoak izan diren proiektuak, saneamendu kasu, amaitu egin nahi dituzte. «Auzoetako zatia egitea izango da hurrengo pausua». Herrigunea ahaztu gabe, auzuneak indartzea da euren helburuetako bat. Eta ondarea zaindu eta mantentzearen aldeko diren arren, teknologia barriei ere bide egingo diete.
Ziortza-Bolibartarrei egindako kontsultan agertutako kezka nagusietako bati ere helduko diote: garraio publikoa. «Garraioaren egoera hobetzea, herritarrentzat zein bisitarientzat behar-beharrezkoa da».
Era berean, herrian bizi direnentzako zerbitzuak gehitzea dute buruan, beti be, beharren arabera. «Ziortza-Bolibarren izatea mantenduz herri hobeagoa lortzeko egingo dugu behar».