Joseba Palenzuela izango da alkatea 1.583 herritarren babesari esker
Bilduk zortzi zinegotzi edukiko ditu lortutako bozkei esker; bigarren indarra EAJ da lau ordezkarirekin
Udalaren osaketa goitik behera aldatu dute atzoko bozketek. Bilduk zortzi zinegotzi, EAJ-PNVk lau eta berdeak-Independenteak bat. Hori izango da indar korrelazioa datozen lau urteetan herritarren hala erabakita.
Bilduk azken urteetan ikusi ez bezalako babesa jaso du: 1.583 herritarrek eman diete botoa (%64.67). «Esperantzak bagenituen, baina hau ikaragarria izan da. Ilusio handiz hartu dugu mutrikuarren babesa, eta eskertzen dugu euren konfidantza. ez dira damutuko», adierazi du palenzuelak emaitzen berri jaso eta batera. «Herriak aldaketa eskatu digu eta gauzak aldatzeko konpromisoa hartzen dugu, modu euskaldun, jator eta herrikoi baten».
EAJ-PNV 822 botorekin bigarren indarra izango da (bozken %29.83). 2007an baino 75 boto gutxiago jaso dituzte jeltzaleek.
Berdeak-Independeteak plataforma izan da beherakada handiena jasan duena: 2007an 463 boto jasotzetik, aurten 242 boto (%8.69) jasotzera pasa da.
Jendearen erantzuna
Goizean goizetik hasi ziren herritarrak Erdiko kalera hurbiltzen. Zabielera joan beharrak, aurreko urtetako arazo bera laga du agerian. Sarreran, lau eskilara daude, eta edadeko jendeari gaitza egiten zaio eraikinera sartzea. Zenbait kasutan, ezinezkoa ere izan zitzaien, eta hautesontziak kalera jeitsi behar izan zituzten. Berdin gertatu zen elbarriekin ere. Kalean zain egon behar izan zuten, hautes ontzia ekarri arte.
Meza nagusia amaitzean, 11:25ak aldera, jendearen joan-etorria gehitzen hasi zen, eta eguerdi bueltan batu zen jende gehien. Baina 09:00etan ateak ireki orduko, atarian jendea zegoen zain botoa emateko. «08:15ean ere etorri da bat, lanetik zetorrela-eta, baina ordua heldu arte ezin da inor sartu», esan dute udaltzainek.
ΩEtxeraten deiari jarraituz, asko izan dira ere, euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzen zuen pegatina soinean zutela bozkatzera joan direnak ere.
Erdiko kalean jende mugimendu handia sumatu zen arren, parte hartzea ez zen izan pentsa zitekeena bezain bestekoa. Bozkatu ahal zuten 4.198 herritarretatik 2.816k (%67.08) egin zuten; gainontzeko 1382ak (%32.92) etxean gelditu ziren.