Pisu handian, hirugarren
Lasutrren jokatu dira 680 kiloko mailan, Euskal Herriko Lur GainekoSokatira Txapelketa. Bigarren postua eskuratzeko lehia gogorra izan dute Gaztedi A eta Mutrikuren artean; Goiherri Ak irabazi du
Amaitu da Euskal Herriko Lur Gaineko 680 kiloko Txapelketa. Herrikoak hirugarren gelditu dira. Ezin izan dute hasieran jarritako helburua bete, baina lan txukuna eginda, eta aukera handiko taldea direla erakutsita, bukatu dute txapelketa.
680 kiloko lur gaineko finala Lasturren jokatu zen joan den zapatuan. Mutrikuk Goiherri A (Erandio, Bizkaia)eta Gaztedi A (Laukiz, Araba) zituen aurkari gogorrenak, eta bien aurka jokatuta, tiraldi bana irabazi zion bakoitzari. Goiherri A eta Gaztedi Aren arteko saioan ere tiraldi banarekin gelditu ziren bi taldeak. Ondorioz, saioa amaitzean puntutara berdinduta gelditu ziren hiruak.
Aurreko saioei esker, hiru puntuko tartea irekia zuen sailkapen orokorrean ordurako Goiherri Ak eta horri esker, Erandiokoa izan zen txapela eraman zuen taldea. Lasturren lortutako puntuak batuta, 19 opunurekin amaitu du Goiherri Ak.
Bigarren postuan, puntutara berdinduta gelditu ziren herrikoak eta Laukizkoak (14 puntu).
Berdinketa hausteko beste saio bat egin zuten elkarren aurka. Oraingoan ere ez ziren bi tiraldi nahiko izan. Izan ere, lehen tiraldia Gaztedik irabazi zuen (05:33) eta bigarrena Mutrikuk (03:30). Hirugarren tiraldia behar izan zuten. Azken hori Gaztedik irabazi zuen (03:14). Oso saio borrokatua izan zen, baina azkenean, Gaztedi A izan zen bigarren postua eskuratzea lortu zuena.