Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak kontzertua emongo du barikuan, Karmenen
Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du barikuan 20:00etan Karmengo Elizan. Amagoia Loroñoren zuzendaritzapean ordu eta laurden inguruko egitarau zabala eskainiko dute. 1963ko azaroaren 22an Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoa...
Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du barikuan 20:00etan Karmengo Elizan. Amagoia Loroñoren zuzendaritzapean ordu eta laurden inguruko egitarau zabala eskainiko dute.
1963ko azaroaren 22an Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoa estreinatu zuen Josu Loroño maisuak. Ordutik aurrera egia bihurtu zen sortzailearen ametsa, eta orkestraren bidez interpretatu zituen musikaren maisu handien obrak. Ia 50 urte egitear dagoen orkestra horrek izpiritu beragaz jarraitzen du, eta maisu handien lanak zein herri kantak joko ditu Karmengo Elizan estreinako.
Bilboko akordeoi orkestra sinfonikoa, aurretik be egona da Markina-Xemeinen, baina Karmenen joko duen lehenengo aldia izango da biharkoa. Xemeinen, orain dela hiru urte arrakasta handia izan zuen bai publiko eta bai kritiken aldetik.
Bidaia musikala
30 akordeoiez osatutako orkestrak bidaia musikala eskainiko du oraingoan, nazioarteko eta bertoko musikarien lanak lotzen joango delarik. Halan, Katinka doinuagaz hasiko dira eta Strauss-en musikagaz jarraituko dute. Ondoren, frantziako bals bat joko dute eta jarraian zartzuelaren munduan sartuko dira. El Caserio doinuaren preludioa joko dute bai eta Black el payaso zarzuelako lan bat be.
Zezenen munduari keinua eginez, Francisco Ruiz maisuaren Cocherito de Bilbao pasodoblea interpretatuko dute, eta Francisco Alonso maisuaren lanekin amaituko dute kontzertua. Kalejira bat eta Maitetxu Mia zortzikoa izango dira azken doinuak.