Berriatuko hizkerari buruz egindako azterketaren emaitzak aurkeztuko dituzte
Hamalau urtetan herrian bildutako informazio guztiagaz, helburu anitzak dituzten herri hizkerari buruzko liburua eta dokumentala egin ditu Itziar Aramaio berriatuarrak. Barikuan aurkeztuko dituzte bi beharrak, 20:00etan, Bideo gelan.
Hamalau urtetako beharraren ostean, Berriatuko hizkeraren inguruko beharrak argia ikusiko du. Herrian jasotako informazio guztiagaz, Itziar Aramaiok Berriatuako hizkeraren zenbait alderdi liburua eta Zer dinozu? dokumentala egin ditu. Bi beharrak, barikuan, 20:00etan, bideo gelan aurkeztuko dituzte.
Aramaio euskal filologiako ikasle zela hasi zen herriko atsotitzak biltzen. Unibertsitatearako lan soil bat besterik ez zen hasiera hartan. Denboragaz, ostera, hizkeraren beste zenbait alor bere baitan hartzen zituen behar bihurtu zen. «Bi mila atsotitz batu nituen, eta haietan ezagutu be egiten ez nituen berbak zeuden; ez nik ez nire herrikide askok».
Horrela, lexikoari buruzko hiztegia ere egitea erabaki zuen Aramaiok. Liburuan, atsotitzekin eta hiztegiagaz batera, besteak beste, esamoldeak, herriko aditz laguntzailearen eta inguruko herriek erabiltzen dutenaren arteko konparaketa, azentu sistema, eta kondairak ere jasotzen ditu.
Liburuan idatzitako informaziogaz batera, garrantzi berezia hartzen dute ilustrazioek ere. Aramaiok argazki zahar ugari biltzea lortu du. «Herriko jendearen aintzinako irudiak dira gehienak, denak ez esatearren. Zaharrena 1892koa da».
Euskalkietatik mundura
Beharraren bigarren zatia ikus-entzunezko batek osatzen du. Bertan, Saioa Lopez eta Pablo Olabarria herritarrek parte hartzen dute, eta Juan Bidegain ondarrutarrak egin du grabaketa eta maketazioa.
Dokumentalaren bidez, euskalkien aberastasunaren eta aniztasunaren argi-ilunak agertzen dituzte. «Dokumentala hasiera baten liburuari lotuta jaio zen; baina euskalkien gaia jorratzeagaz batera, haiek aitzakitzat hartuta, Berriatua mapan kokatu nahi izan dugu, ezagutzera emon, eta Berritxu badela herritxu adierazi!», azpimarratu dute Udalagaz batera, beharren babesle diren Urepel elkartekoek.