Teknologi barriak familian erabiltzari buruzko hitzaldia dago hilaren 8an
Lea-Artibai Amankomunazgoak familentzako duen orientazio zerbitzuak eguaztenerako Ispasterren berbaladia antolatu du; gurasoentzako orientazio zerbitzuaren barri emoteko ahalbideratuko dute berbaldia
«Seme-alaben hezkuntza interesgarri diren gaiak jorratzea eta pautak eta orientabideak eskaini nahi dizkiegu; eta bide batez, gurasoentzako orientazio psikologikoko zerbitzuaren funtzionamenduaren barri emon nahi diegu». Horrenbestez azaldu dute Lea Artibai Amankomunazgotik gurasoei zuzendutako berbaldien helburua zein den. Berbaldi horietako bat da, eguazteneak, hilak 8, 18:00etan, Ispasterren egongo dena.
Ishipasterko saioa hitzaldi sorta baten barruko bigarrena izango da. Lehena, Berriatuan eskaini zuten. Oraingoan landuko duten gaia ondoko da: teknologi barriak nola erabili familiaren baitan. «Teknologi barriak ume zein nerabe guztien esku daude, eta bertan denetarik topatu dezakete. Hori gurasoentzako kezka iturri bihurtzen da. Hori ekiditeko bideak eskainiko dizkiegu berbaldian. Eta egoera barriaren aurrean nola jokatu dezaketen erakutsi».
Kontsultak gehitzen
Lea-Artibai Amankomunazgoak sei urte daramatza gurasoentzako orientzaio psikologikoa eskaintzen. Orain arteko kontsulta kopuru handiena iaz jaso zuten; guztira, 184 kontsulta ziren.
Kontsulten kopuruak gora egitearen irakurketa positiboa egin du amankomunazgoak: «0-18 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek zerbitzuan interesa dutela esan nahi du horrek; baita zerbitzua ezagutzen dutenak gero eta gehiago direla ere».
Astero hiru ordutako zerbitzua eskaintzen diete gurasoei, eta kontsultak e-postaz, telefonoz, zein posta arruntez egin daitezke. 2010. urtean egindako kontsulten gehiengoa (%74) haurtzaroaren ingurukoak izan ziren; besteak beste, portaera arazoei, arau eta mugei, jeloskortasunari, jarrerei eta lo ohiturei buruz galdetu zuten. Gainontzeko kontsultak (%26) nerabezaroan daudenei buruzkoak izan ziren.