Kantuan, dantzan, lagunartean
Konpainako eliza bertsozalez bete-bete egin zen bariku gauean. Natxi Aranburu «Jaungoikoaren» aginduetara ibili ziren Xabat Galletebeitia eta Aitor Arrizubieta Toko lekeitiarrak, Euskal Herriko plazetan bazterrik bazter dabiltzan Barroso, Arzallus ...
Konpainako eliza bertsozalez bete-bete egin zen bariku gauean. Natxi Aranburu «Jaungoikoaren» aginduetara ibili ziren Xabat Galletebeitia eta Aitor Arrizubieta Toko lekeitiarrak, Euskal Herriko plazetan bazterrik bazter dabiltzan Barroso, Arzallus eta Colina Iparraldekoak, eta Lujanbio txapelduna. Hasieran girotzea apur bat kosta bazitzaien be, saioak gora egin zuen eta ale ederrak utzi zituzten.
Ondo hasten denak, ondo jarraitzen du, eta halan, bertso saioaren bide beretik joan dira aurtengo Iparraldeko Haizeetako ekitaldiak. Halan, egun polita izan zen zapatukoa be. Azoka triste xamar egon bazen be, postuetan aukera zabala aurkitu zuten erosleek, eta «nahi beste» erosi zuten.
Arratsaldean, barriz, giroak gorantz egin zuen. Hainbat lagun batu ziren plazan Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeak ikusteko, eta ostean, porturantz egin zuten. Potin txikian joan ziren Ondartzabal baporera Erramun Martikorena eta Mikel Markez. Potinetik bertatik kantatu zituzten abesti bi, eta baporera igotakoan jarraitu zuten kantaldia. Zpeiz Mukaki taldearen kalejiran be kantuan eta dantzan ibili zen jendea. Hiru orduko kalejira eskaini zuten, denetariko doinuek jota.
Parte-hartze handia eduki du baita Gisau Txapelketak be. Danetara, 29 talde aurkeztu dira lehiara, eta aurtengo gisau hoberena, Aittitta Makurra Txarangarena izan da.