Marierrota uda denboraldiagaz batera zabalduko dute bisitarientzat
Marierrota martxan jarri dute; ondare historiko-kulturala zein naturala berreskuratu nahi izan dituzte mareen bidez beharra egiten duen errotagaz
Uda denboraldia zabaltzeaz batera, Marierrota bisitatzeko aukera martxan jarriko dute. Proiektua aurrera ateratzen parte hartu duten erakunde denei aurkeztu zieten, atzo, Lea ibaiaren bokalean dagoen interpretazioa zentroa.
Bi atal hartzen ditu bere baitan Marierrotak: alde batetik, 1980tik guztiz galduta zegoen mareek mugitutako errota berreraiki dute. «Lanean hasi ginenean hemen ez zegoen ia ezer. Zati batzuk beste errotetatik ekarri ditugu, baina gehiengoa eraiki egin behar izan da. Arkeologoek hurbiletik zaindu dute prozesua», azaldu du Lea-Artibaiko Amankomunazgoko Ingurumen teknikari Lusi Kazalisek.
Errota guztiz berreskuratu dute; funtzionamenduan ipini, eta irina egitea be lortu dute. Bisitariek prozesua osorik ikusi ahal izango dute: eraikin barruko lau egituren egitekoa, eta kristalezko lurrari esker, baita urak harriaren errotazioa nola eragiten duen be.
Beste alde batetik, errota kokatuta dagoen ingurua «balioan» ipini nahi izan dute. Horretarako, interpretazio zentroaren bigarren atala biodibertsitateari zuzenduta dago. «Marierrota proiektuagaz ondarea mantentzea eta zaintzea zen gure asmoa; historiari zein naturari lotutako ondareaz ari naiz», azaldu du Kazalisek. «Mareek mugitutako errota asmakizun burutsua izan zen arren, ez zen ekonomikoki errentagarria izan, eta galdu egin zen. Orain haren historiari jarraituz, gure historia ezagutuko dugu, baita bizi garen inguruaz jabetu be», nabarmendu du.
Bide luzea
Marierrota berreraikitzeko proiektuaren lehen urratsak 1993an emon zituen Amankomunazgoak. Proiektua gauzatzeko finantzazioan Espainiako Kosten Zuzendaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Jaurlaritzak parte hartu dute. Guztira 1,1 milioi euro behar izan dira obra bere osotasunean gauzatzeko. Kosten Zuzendaritzak Marierrotaren inguruko dikeko obraren ardura zuzena eduki du; eraikinarena, ostera, Amankomunazgoarena izan da.
Atzoko aurkezpenean, erakunde guzti horietako ordezkariak egon ziren; tartean, Espainiako Gobernuko Bizkaiko ordezkari Miguel Angel Molino. Eskualdeko hainbat jarduneko alkate zein alkate izango direnak be bertaratu ziren.
Marierrotaren gestioa Lekeitioko Udalaren esku geratuko da. Bertako Garapen Saileko arduradun Nekane Juaristik adierazi duenez, Mendexako lurretan dagoen errota, Lekeitioko Itsas Ondare zentroaren (www.faro-lekeitio.com) pieza bat gehiago izango da; zazpigarrena. «Turismo bulegoak hartuko du Marierrotaren gestioa. Bertara jo beharko dute, beti, bisitariek. Asmoa goizean hiru bisita eta arratsaldean beste hiru eskaintzea da».