Bi egunetan banatuta, sei idi parek parte hartuko dute kinttopeko idi probetan
Zapatuan egingo dira Berriatuan idi probak; Untza gehien egiten duenak 1.100 euroko saria eskuratuko du; Busturialdeko ordezkari batek parte hartuko du, Lea-Artibaikorik ez dago
1.600 kiloko harriagaz untza gehien egiten duen idi pareak 1.100 euroko saria, manta eta txapela eroango ditu. Hori izango da Berriatuko plazan irabaziko duen idi pareen jabeak eskuratuko duena.
Saria lortzeko lehian sei idi pare aterako dira plazara, bi egunetan banatuta. Parte-hartzaileen artean ez dago Lea-Artibaikorik; Busturialdekoa, ostera, bakarra.
Lehen eguna zapatua izango da. Bertan, Goirizarri (Laudio, Araba), Bedizarraga (Zamudio, Bizkaia) eta Izeta (Aria, Gipuzkoa) ariko dira nor baino nor. Kinttopeko idien lehen saioa 22:00etan hasiko da.
Bigarren dema, ostera, astelehenean izango da. Aurreko saioa bezalaxe, 22:00etan ekingo diote probari; eta oraingoan, Lopategi (Billela, Bizkaia), Soarte (Elgoibar, Gipuzkoa) eta Jaime Alegriaren (Bermeo, Bizkaia) idiek neurtuko dituzte indarrak.
Guztientzat saria
Hilaren 13an jokatuko den saioan erabakiko da aurtengo Berriatuko kinttopeko proben irabazlea zein izango den. Irabazlea ez da izango, ostera, saria eskuratuko duen bakarra; ez da inor esku hutsik geldituko.
Aurtengo proba berriatuarrek antolatzen duten laugarrena izango da. Eta ondoko sariak jarri dituzte: bigarrenak, 1.000 euro eta garaikurra jasoko ditu eta hirugarrenak, 900 euro eta garaikurra.
Hortik aurrerakoek diru saria bakarrik jasoko dute: laugarrrenak, 800 euro; bosgarrenak, 700 euro; eta azkenak, 600 euro.