40 urtez kautxoagaz beharrean
Behar teknikoak egiteko eskualdetik urteteari uko eginez, zenbait herritar Mondragon taldearen laguntzagaz, kautxoa lantzen hasi zen duela lau hamarkada; Cikautxok gaur egun behar berean jarraitzen du, dimentsioa asko aldatu da baina
Lau hamarkada pasa dira Cikautxo kooperatiba sortu zenetik. Lau hamarkada, lehen 20 langile haiek kautxoagaz beharrean hasi zirenetik. Adore handiz eutsi zioten erronkari eta lau hamarkadetan adore hori erakusten jarraitu dute Berriatuan kokatutako enpresako beharginek.
Lea-Artibaiko bizibide nagusiak arrantza eta laborantza zireneko garaikoa da Cikautxo. Inguruko herritarrek¬ gehiengo garbia, gizonezkoa¬ lan teknikoak ikastera eta ikasitakoan behar egitera Arrasate aldera egiten zuten. Autoak ere urri xamar ziren, eta gazte guzti haiek trenean egiten zuten topo, ikastera edota beharrera bidean. Gai finkoa edukitzen zuten: eskualdean alor teknikoa bultzatu beharra zegoen. Berbaldiak, batzar bihurtu ziren, eta berba hutsak forma hartzen hasi ziren. Gaur egun, Mondragon taldea denaren babesean, eta Euskadiko Kutxare laguntzagaz, berbetatik ekintzetara pasa ziren, duda-mudan ibili barik.
Bestelako ideiaren bat ere izan zuten arren, feria baten ikusitakoak konbentzitu zituen guztiak. Eta hala, kautxoagaz beharrean hastea erabaki zuten. Berriatuan aurrez ikusi ez bezalako negozioan buru belarri sartu ziren, ideia handiegirik barik. «Orduan sortzaile izan zirenek adore handia izan zutela esaten dute. Gomari buruz ez zekiten ezer. Guztia ikasi behar izan zuten, eta halan eta be, aurrera egiten asmatu zuten», aitatu du Cikautxoko lehendakari Gotzon Juaristik.
Cooperativa Industrial de Kautxo jarri zioten izena. «Kuriosoa da izena gazteleraz jarri arren, kautxo K-gaz idatzi zutela».
Mantendu eta barritu
Etxetresna elektrikoentzako piezak eginez hasi ziren Cikautxon. 80. hamarkadan, ostera, automobilgintzan sartu ziren, eta hor hasi zen Cikautxo dimentsio handiagoa hartzen.
Gaur egun, bi alor horiek jarraitzen dute Cikautxoren merkatu nagusia izaten, baina proportzioa aldatu egin da. Izan be, automobiltzarako beharrek produkzioaren %80 osatzen dute.
2008an, beste enpresa asko bezalaxe, krisiak astindu zuen Cikautxo eta neurriak hartu behar izan zituzten. Baina 2009an, galdutako berreskuratu zuten, eta gaur egun krisialdiaren zauriak sendatuta daudela esan daiteke.
Horren ondorioz, eta merkatuko joeren jakitun, alor gehiagotara zabaltzen hasita daude: birziklatzearen alorrean zein medikuntza arloan sartzen hasita daude. Dibertsifikazioa izan da Cikautxoren aurrera egiteko modua.
Bidea egiten jarraitu ahal izateko, barnean eboluzio handia izan dute. Merkatuaren gogortasunari aurre egiteko asko ikasi behar izan dute, eta berria denaren gainean egon.
Bada, baita ere, asko aldatu den beste gauza bat: langile kopurua. Gaur egun, Berriatuako enpresa 500dik gora lagunek egiten duten behar. 25 aldiz behargin gehiago, produkzioari aurre egiteko. Eta hain zuzen be, hori da Cikautxoren faktore garrantzitsuenetako bat. «Azken finean, enpresa barruan deuden pertsonek egiten dute. Guk ez diogu inoiz ezerri ezetzik esan. Erronka guztiei egin diegu kolpe, eta ekoizle hutsak izatetik sortzaile izatera pasa gara. Hau da, eskatutakoa egitera mugatzetik, bezeroak behar duenari erantzuteko, soluzioa geure kabuz, geure ikerketekin topatzera heldu gara», nabarmendu du Juaristik. «Berrogei urtez kooperatiba ereduagaz aritu gara, eta eredu horri eutsiko diogu aurrerantzean ere».
Berriatutik mundura
Berriatuko zoko baten zegoen enpresak mundu zabalerako pausua emana du.
Lehendabizi estatu mailan ¬Zaragozan bi planta dituzte¬ zein Txekian eta Eslobakian jarri zituzten kumeak. Brasilen ere planta bat martxan dute, beste enpresa batekin erdibana. Eta abiatzeko prest dagoen azken planta Txinan eraiki dute. «Gure produkzioren gehiengoa Europara doa. Gaur egun, Ameriketara zein Asiara ere saltzen dugu. Eta horregatik hasi gara mundura zabaltzen ere. Multinazional txiki bat garela esan daiteke». India dute hurrengo jomuga, baina hori oraindik asmo hutsa besterik ez da.
Cikautxok bere aurkezpen txartela luzatua dauka, eta lau hamarkadetan erakutsi duenak, bezeroen fidaltasuna irabaztera eroan du. «Gure konpetentzia enpresa oso handiak dira, baina halan eta be, mantentzen gara. Paralelismoa eginez gero, ligan ez ginateke Bartzelona izango. Baina aurreko postuetan dabilen talderen bat, baietz esango nuke».
Ekainaren 11an ospatuko dute urtemuga
Egitaraua
08:45ak. BTT Martxa eta mendi martxa.
Bizkletaz, bi orduko ibilbidea prestatu dute eta oinezkoentzat bi ordu eta erdi ingurukoa. Bi ibilbideak Berriatua inguruan izango dira. Inolako lehiarik barik, lagunartean egiteko asmoagaz antolatu dituzte. Bukaeran, dutxak egongo dira. Izena emoteko: aurrez, Cikautxoko harreran edo bertan egunean, irteera aurretik.
10:00etatik 12etara. Cikautxo barnetik ezagutzeko, taldeka, ibilbide gidatuak egongo dira aukeran. Izena emotea: aurrez, Cikautxoko harreran. Egunean bertan ere izena emoteko aukera egongo da.
11:30ak. Ekintzetan parte hartu dutenentzat hamaiketakoa egongo da Cikautxon bertan.
14:30ak. Bazkaria egingo dute Mendibarren frontoian. 280 lagun batuak dituzte.
16:30ak. Mus txapelketa. Izena emon behar da, aurrez, harreran edota egunean bertan.
17:00ak. Erromeria.
Oharra. Goizez zein arratsaldez Berriatuko eskolako jolaslekuan puzgarriak jarriko dira umeentzako. Cikautxok ez du bere gain hartuko ardurabakokeriak erangindako erantzukizun eta kalterik.