Pazkoa, onena Oletakoa
Oletako Pazko jaiek azken urteetan aurrez edukitako arrakasta izaten ari dira jaiak batzordetik egindako ahaleginari esker. Egitarau betea dakarte zapatutik astelehenera.
Pazkoa heltzen denean Amorotoko Oleta auzoak inoiz baino mugimendu eta bizi gehiago hartzen du. Auzoko jaiak handitasunez ospatzea tokatzen da.
Oletak auzo izaera ondo gordea dauka. «Lehendabizi oletar eta gero amorotar», diote bertakoak. «Lehen Oletan bertan eskola zegoen, eta orduan auzo izate hori sendoagoa zen. Orain haurrakAmorotora, herrigunera doaz eskolara. Halan eta be, mantentzen da», azaldu dute jai batzordekoek.
Auzoan 100 lagun bueltan bizi dira, eta laurdenak osatzen du batzordea. «Prestaketan gehiago ibiltzen gara. Gazte zein adineko, denek laguntzen dute».
Hain zuzen be, batzorde horren ahalegina izan da Oletako jaiei lehen zuten izena bueltatu diena. «Jendea behera egiten hasita zegoen, batez be, astelehenetan. Zerbait egin beharra zegoen». Alde batetik, autobusak jarri zituzten. Aurten be, zapatuan 22:00etatik 06:00etara Lekeitiotik autobusa ibiliko da bueltaka. Astelehenean, ostera, Eskolapetik 22:30etik 00:00etara egongo da, eta bueltan, 02:30etik 04:00etara.
Bestetik, gazteei zuzendutako musika jarri zuten, eta aurten be mantendu dute. Eta azkenik, inguruan beste inon ikusten ez den ikuskizuna ipintzen dute : striptease-a. «Riojako jai batzuetan ikusi genuen eta originaltasunez ondo pasatzeko aukera ematen duelakoan gaude».
Egitaraua
Zapatua
20:00ak. Tortilla lehiaketa.
23:00ak. Kontzertuak: Nabil, Ze esatek! eta Trikizio.
Domeka
13:00ak. Meza, zelaian.
Ostean. Trikitilariak.
18:30ak. Herri kirolak: Harrijasotzaileak, iparraldeko jokoak eta aizkolariak.
Astelehena
15:00ak. Herri bertso bakzaria, Ibaigane jatetxean.
19:00ak. Umeen jolasak.
23:00ak. Erromeria Egan tsldeagaz.
00:45ak. Gizon-emakume striptease-a.