San Pedro jaiek hartu dute testigua
San Joan jaiak amaitu ziren, baina jai giroak bizirik jarraituko du Lea-Artibain eta Busturialdean. Bertoko hainbat herritan San Pedro jaiak ospatuko dituzte datozen egunetan eta, herritarrek ondo pasa dezaten, egitarau zabalak prestatu dituzte.
Guztira, bertoko bost herri eta hiru auzo murgilduko dira jaietan. Elantxoben, Lekeition, Mundakan, Berriatuan eta Munitibarren herriko jaiak ospatuko dituzte. Barinaga auzoan, Arta auzoan eta Lumo auzoan, bestalde, auzoko jaiak edukiko dituzte bertako bizilagunek.
Mundakan eta Lekeition iragan asteburuan hasi zituzten jaiak, baina, San Pedro egunagaz batera, gaur sartuko dira jai giroan bertoko leku gehienetan.
Hurrengo egunetan, umeek zein helduek izango dute ondo pasatzeko aukera. Pilota partidak, kontzertuak, sukalki txapelketak, umeentzako jolasak, bazkari herrikoiak eta herri kirolak izango dira, besteak beste.
Mundakan, esaterako, domekara arte izango da jaiaz gozatzeko aukera. Gaur arratsaldean Itxas jaia egingo dute eta iluntzean Egan berriak kontzertua emongo du, herriko plazan. Amaitzeko, Astondoaren suziriak ikusteko aukera egongo da, 23:00etan.
Gazteek, bestalde, bihar izango dute euren eguna. Goizez eta arratsaldez, jarduerak antolatu dituzte gazteenentzako. 11:30ean, esaterako, Gorriti eta bere animaliak aukera ederra izango dira.
Amaitzeko, asteburuan musika izango da protagonista. Barikuan kubatar musika egongo da, eta zapatuan Sorgiñe Orkestra igoko da taula gainera. Asteburuko egun zoroak pasata, domekan amaituko dira jaiak Mundakan.
Lumo auzoan eta Elantxoben gaur hasiko dira jaiak. Lumon, esaterako, herri kirol zaleek aukera paregabea izango dute gaur. 19:00etatik aurrera, Iturbe anaien, Maderas Duñabeitiaren eta Juan Mari Ordorikaren idi pareen lehia egongo da. Zapatuan, bestetik, erromeriagaz dantza egiteko aukera egongo da eta, jaiak amaitzeko, domekan, sukalki txapelketa antolatu dute.
Elantxoben gaur ospatzen dute jaietako egun handia. Eguerdian triki poteoa antolatu dute eta gauez erromeria egongo da. Bihar eguerdian, bestalde, Argi trikitilariak joko du eta 18:00etan Esteibar eta Obietaren erromeria egongo da, gorputza mugitu ahal izateko.
Ohiturak eta estreinakoak
Kirol ekitaldiak, musika eta umeentzako jarduerak beti-betiko ohiturekin tartekatuko dira Lekeitioko sanpedroetan. Duda barik, hutsik ezin zaie egin gaur bertan egongo diren Kaxarranka eta Kilin-Kalari. Antzinako ohiturari jarraituta, prozesioan joango da portura eta, bertan, San Pedroren irudia kulunkatuko dute hiru bidar. Jarraian egingo da bai eta be XV. mendeko ohitura den Kaxarranka. Zortzi arrantzalek lepoan duten kaxa gainean dantzatuko du dantzariak San Pedropean, Kofradia aurrean eta plazan.
San Pedro Txiki eta San Pedro Baltza ospatuko dira hurrengo egunetan, jaia Talara eta Rufo Atxurra plazara zabalduz. Nahiz eta txupina eta pregoia barikuan botako dituzten, gaur hasiko dituzte jaiak Munitibarren. Jubilatuak izango dira gaur protagonista eta bazkaria eta briska txapelketa edukiko dituzte. Kirolak eta musikak be izango du tartea jaietan eta, bosgarrenez, paella txapelketa lehiatuko da.
Sei egunetako egitarau zabala prestatu dute Berriatuan; adin eta gustu guztientzako modukoa. Gaur San Pedro eguna ospatuko da, bihar San Pedro Txiki edo umeen eguna, barikuan Bertsozaleen Eguna, zapatuan Entsalada Eguna, domekan Adinekoen Eguna eta uztailaren 9an senegaldarren Eguna.
Herrietan legez, auzoetan be ez da girorik faltako. Ziortza-Bolibarko Arta auzoan mendi martxa antolatu dute, estreinako. Arta, Longa, Astarlo, Axpe eta Bolibarko bideetan zehar ibiliko dira parte-hartzaileak.
Barinagan jaiekin jarraituko dute, domekan hasi zituzten ospakizunak jarraipena izango dute-eta gaur eta zapatuan. Frontoi alboko probalekuan batuko dira zapatuan probazaleak, idi probak ikusteko.
EGITARAUA:
Arta (ziortza-bolibar)
Uztailak 2
– 09:00etan, Artako lehenengo mendi martxa (Arta-Longa-Astarlo-Axpe-Bolibar-Arta).
– 17:00etan, III. Briska Txapelketa. Inskripzioa: 10 euro. Sariak: 100 , 80, 60 eta 40 euro.
– 22:00etan, bertso afaria, Beñat Ugartetxea eta Lander Ibarluzea bertsolariekin.
Uztailak 3
– 12:30eko mezaren ostean, Zerutxu dantza taldearen saioa, eta ondoren bertsolariak: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Mikel Mendizabal.
– 17:00etan, umeen jolasak.
– 18:30ean, auzoko gazteen herri kirolak.
– Egun osoan, Naiara eta Eneritz trikitilariak.
Barinaga
(Markina-Xemein)
Ekainak 29
– 12:00etan, meza.
– 17:30ean, Briska Txapelketa. Sariak: 110 euro eta txapelak, 80 euro, 60 euro eta Santa Mañeko gazta bi.
Uztailak 2
– 18:00etan, idi probak. Hiru buztarri kinttopekoak: Iruzubietako Zubibarri, Berriatuko Usaisti eta Barinagako Magurei Goitxi.
– Ondoren, eskorgaren zozketa.
Berriatua
Ekainak 29
– 12:00etan, Meza Nagusia.
– 13:00etan, herri kirolak. Harri jasotzen, Aimar Irigoyen eta Izeta II.a. Aizkoran, Aratz Mugerza eta Julen Cañamares.
Ekainak 30
– 11:00etan, kalejira Trikipand taldeagaz, Tarine udal musika eskolaren eskutik.
– 12:00etan, umeentzako jolasak: bide segurtasuna eta saltariak.
– 14:00etan, umeen herri bazkaria, plazako aterpean.
– 16:00etan, umeentzako jolas parkea. Ondoren, bits jaia. Eguna amaitzeko, txokolate jana.
Uztailak 1
– 20:00etan, Berritxu Saria 2011 jokatuko da, Euskal Herri mailako gazteen sariketa, bideo gelan.
Uztailak 2
– 14:00etan, koadrilen arteko entsalada eta tortilla lehiaketa. Ondoren, herri bazkaria.
– 17:00etan, II. Tiragoma Txapelketa.
Uztailak 3
-11:30ean, mezaren ostean, omenaldiak Anaitasuna elkarteak antolatuta: aurten 85 eta 90 urte egiten dituztenei, urrezko ezteiak egiten dituztenei, 20 urtez elkarteko lehendakari den Milagros Gojenolari eta Jon Mugartegi bertsolariari.
– 12:00etan, binakako eskupilota partiduak, plazan. Gazteak: Zubikarai-Romero/Arrasate-Mendibe; Nagusiak: Gandiaga-Malax/Arrieta-Kastillo.
– 14:00etan, Anaitasuna elkartekoen bazkaria, Arriola jatetxean.
Uztailak 29
– 10:30ean, futbol partidua: Berriatuko senegaldarrak, beste berriatuarren kontra.
– 14:00etan, janari senegaldarra plazan, joaten diren guztientzat.
– 16:00etan, borroka librea senegaldarren erara.
– 19:00etan, talde senegaldarraren kontzertua.
Elantxobe
Ekainak 29
– 11:30ean, Meza Nagusia, Zornotzako abesbatzak abestuta.
– 13:00etan, triki poteoa izango da herriko plazan. Pintxoak dastatzeko aukera izango da.
– 13:00etan, esku pilota partidak hasiko dira.
– 17:00etan, mus txapelketa.
– 20:00etan, Trikiteens taldearen erromeria.
Ekainak 30
– 13:00etan, Argi trikitilaria portu inguruko giroa alaitzen.
– 18:00etan, txistularien eta dantzarien kalejira. Ostean, Esteibar eta Obietaren erromeria.
Uztailak 3
– 09:00etan, Elantxobeko martxa hasiko da. 20 kilometro. Amaitzean, hamaiketakoa parte-hartzaile guztientzat.
– 10:00etan, umeentzako mendi martxa hasiko da.
lekeitio
Ekainak 29
– 07:00etan, Dei eittekuak.
– 09:30ean, herriko txistularien diana.
– 10:00etatik 14:00etara, umeentzako tailerrak, plazako monolitoan.
– 10:30ean, Lekeitioko udal ordezkari eta kofradiako arduradunen udaletxetik eleizarainoko prozesioa, Lekitto Musika Bandak lagunduta.
– Gero, Meza Nagusia, elizako abesbatzak abestuta.
– Segidan, San Pedroren omenezko prozesioa, eta amaieran Kilin-Kalakoa santuaren portuko irudi aurrean.
– Gero, Kaxarranka San Pedropean dantzatu ostean, Kofradia aurrean dantzatuko da.
– Bitartean, Lekeitioko Etorkizuna Dantza taldearen andrazkoen aurreskua, plazan. Ostean, Kaxarranka, plazan.
– 16:00etatik 20:00etara, umeentzako tailerrak, plazako monolitoan.
– 16:30ean, buruz buruko esku txapelketako finalak, frontoian.
– 20:00etan, Ikastola aurretik, danborrada herrikoia, Aittitta Makurra txarangagaz.
– 22:30ean, suzko zezena, plazan.
Ekainak 30
– 11:30ean, buruhandiak eta D. Terentzio eta Dñ. Tomasa kalez kale, txistulariek animatuta.
– 13:00etan, kalejira Kaiganetik hasita Eskolaperaino, Lekitto Musika Bandaren eskutik.
– Gero, erromeria Eskolapean.
– 17:00etan, Kilin Kala igeri lehiaketa, Garraitz Kirol taldeak antolatuta.
– 20:30etik 23:00etara, Play Back txapelketa eta euskaraoke lehiaketa, Talan.
– 23:00etan, Talatik udaletxerainoko kalejira, Lekitto Musika bandak lagunduta.
Uztailak 1
– 12:00etan, meza, Rufo Atxurra plazan.
– 17:00etan, umeentzako jokoak, Rufo Atxurra plazan.
– 17:30ean, Bizkaiko Open esku pilota partiduak, frontoian.
– 19:30ean, Xistera partiduko finalak, frontoian.
Lumo (gernika-lumo)
Ekainak 29
– 11:30ean, txupinaren jaurtiketa.
– 12:00etan, Meza Nagusia, Gernikako Eskolakristo musika elkarteak abestuta. Ostean, Elai-Alai dantza taldearen ekitaldia.
– 13:00etan, ardo eta gaileta dastaketa.
– 17:00etan, Briska Txapelketa. Izen-emotea: bost euro. Sariak: 1. Txapela, lora sorta eta harategiko produktu sorta; 2. Ile apaindegiko produktuak; 3. Toaila sorta.
– 19:00etan, Lumoko idi proba txapelketa. Iturbe anaien, Maderas Duñabeitiaren eta Juan Mari Ordorikaren buztarriak.
Uztailak 2
– 08:00etan, Urdaibaiko infernua lagun arteko bizikleta martxa.
– 11:00etan, tortila txapelketako izen-emotea zabalduko dute.
– 11:30ean, gaztetxoentzako Igel eta Tiragoma txapelketa (Hamasei urtez azpikoak).
– 13:30ean, tortillen aurkezpena.
– 14:00etan, tortilla txapelketako sari banaketa.
– 14:30ean, Lumoko bizilagunen anaiarteko bazkaria. Txartelak Sorkun ileapaindegian, Zallo harategian eta Zallo Barri tabernan salgai, hilaren 30a arte.
– 17:00etan, Tute Txapelketa. Izen-emotea: 10 euro.
– 18:30ean, igel eta tiragoma txapelketa nagusientzat.
– 20:00etan, asto proba desafioa. Ramon Lauzirikaren eta Iñaki Ordorikaren astoak lehian.
– 21:30ean, bertsolariak: Gurutz Uruburu, Ander Elortegi eta Gorka Ostolaza Potxis.
– 23:00etan, erromeria Obietagaz.
Uztailak 3
– 09:00etan, oinezko martxa Lumo ingurutik. Ostean, hamaiketakoa.
– 11:00etan, marmitako txapelketako izen-emotea zabalduko dute. Sariak: 150, 100, 80, 60 eta 50 euro.
– 13:30etik, 14:00etara, kazolen aurkezpena.
– 14:30ean, marmitako txapelketako sari banaketa.
– 17:00etan, mus txapelketa. Izen emotea: 10 euro.
– 17:00etatik, 21:00etara, umeentzako jolasak.
– 20:00etan, txokolate jana.
– 20:00etatik 22:00etara, Disko Festa.
Mundaka
Ekainak 29
– 10:30ean, txistularien kalejira.
– 12:00etan, Meza Nagusia, udalbatzagaz. Mundakako abesbatzak Eslavaren Tu est Petrus abestuko du. Ondoren, San Pedro prozesioa txistularien laguntzagaz eta aurreskua santuari eta agintariei.
– 17:00etan, Itxas jaia, masta palo eta guzti. Txokolate Sexyk antolatuta.
– 18:30ean, esku pilota partidak, frontoian.
– 21:00etan, Egan berria orkestra, plazan.
– 11:00etan, suziriak, Astondoa etxearen eskutik. Jarraian, Egan berria, plazan.
Ekainak 30
– 11:30etik 13:30era, eta 15:30etik 18:30era, jolas parkea, plazan eta Talan (euria eginez gero, Islakalen).
– 11:30ean, Gorriti, bere animaliekin, Talan.
Uztailak 1
– 13:00etan, Meza Santua, herriko hildakoen alde eta 80 urtetik gorakoentzat opariak.
– 14:00etan, nagusien bazkaria, Kasinoan Duo Marfilek alaituta.
– 19:00etan, txistularien eta buruhandien kalejira.
– 20:00etatik 22:00etara, kubatar dantzen erakusketa. Gaztezar dantza eskolaren eskutik.
– 22:00etatik 24:00etara, kubatar musika, plazan.
Uztailak 1
– Goizez, sukalkia, Katillotxu elkartearen laguntzagaz.
– 13:00etan, kazolen aurkezpena eta jarraian sari banaketa.
– 18:00etan, erraldoien eta buruhandien kalejira.
– 19:00etan, T. S. Brass Band.
– 21:00etan, Sorgiñe orkestra.
Uztailak 3
– 11:00etan, buruhandien eta txistularien kalejira.
– 18:30ean, esku pilota partidak.
– 20:00etan, Los Txiki, plazan.
– 23:00etan, azken traka, portuan.
Uztailak 9
– 20:00etan, kontzertua, elizan: Bermeoko eta Mundakako abesbatzak eta Mundakako txistulariak.
Munitibar
Ekainak 29
– 12:30ean, Meza Nagusia.
– 14:30ean, jubilatuen bazkaria.
– 18:00etan, Briska Txapelketa, Oizpe egoitzan.
– Ondoren, txokolate jana.
Uztailak 1
– 19:00etan, txupinaren jaurtiketa eta pregoia.
– Ostean, Munitibarko dantza taldearen saioa.
– 21:00etan, pintxo dastaketa sagardoagaz eta ardaoagaz.
– Ondoren, federatu gabeko beteranoen pelota txapelketaren finalak, herriko frontoian.
– 23:00etan, gaupasa Tximeleta taldeagaz.
Uztailak 2
– Goizean, V. Paella Txapelketa.
– Ostean, Euskal dantzak herriko taldeagaz.
– 14:30ean, paellen aurkezpena.
-Ostean, bertsolariak.
-19:00etan, txarri harrapaketa trikitilariekin, Olabarriko landan.
– Ostean, txaranga herrian zehar, Zaparrada Batukada taldeagaz.
– 23:00etan, erromeria Bide Batez taldeagaz.
– 03:00etan, sorpresa.
Uztailak 3
– 11:30ean, Meza Nagusia.
– 16:30ean, San Pedro txapelketako pelota finalak, frontoian.