Barikuan amaitzen da Izabako irteerarako izena emoteko epea
Uztaileko bigarren asteburuan Izaba ingurura joango dira; Auñamendira igoko dira lehen egunean, eta bigarrenean, Ezkaurre egiteko aukera edukiko du nahi duenak
Amorotarrek, ostera, Izaba inguruko bi mendi dituzte buruanUztailaren bigarren asteburuan egingo dute irteera. Baina joan nahi dutenek barikua baino lehen emon behar dute izena herriko tabernan.
Irteeran gailur bat edo bi egitea egongo da aurkeran. Lehen egunean, Auñamendira (2507 metro) igoko dira; bigarrenean, Ezkaurre (2050 metro) egiteko aukera edukiko du nahi duenak. «Lehen egunean denok igotzea da asmoa. Baina gero, bakoitzak erabaki dezala. Bigarren mendia egitea gogorregi dela uste duenarentzat plan alternatiboak egongo dira, eta beste zerbait egingo dute. Inguru horretan badago zer ezagutu eta zer ikusi; beraz, ez da arazorik egongo», diote antolatzaileek.
Irteeren arrakasta
Amorotoko mendi irteerak herritarrentzako antolatuta egoten dira, eta arrakastatsuak izaten dira. «Egun bateko zein bitako irteeretara 15-20 lagun etortzen dira beti. Oraingoan ere antzera ibiliko garela pentsatzen dugu»
Mendi irteeretan mendi taldeen filosofi beragaz ibiltzen dira amorotarrak. «Ez dugu inork sufritzerik nahi. Mendiari gustu hartzea da helburua eta bertan daudenek disfrutatzea», azaldu dute. «Lasai eta taldean joaten gara leku denetara. Denetarik egin dugu eta, halan eta be, jendeak errepikatu egiten du. Horrek zerbait esan nahi du».