Zehatz taldearen saio berezia, etzi Lekeition
‘Saturrarango emakumeei’ CDa zuzenean aurkeztuko dute, dantzariekin eta umeen koruagaz batera
Lekeitioko plazan, etzi, 23:00etan ipini dute hitzordua. Zehatz Mehatz taldeko kideak dira, eta euren herrian bertan aurkeztuko dute zuzenean Saturrarango emakumeei eskainita aurten argitaratu duten CDa.
Kontzertua modu berezian prestatu dute, gainera. Jende asko igoko da eszenatokira: Zehatz Mehatz taldeko hamaika kideez gain, bi abestitan hamar umez osotutako koruak abestuko du. Beste bi kanta dantzan lagunduko ditu Marina Goitia ballet dantzari lekeitiarrak. Eta beste kantu bitan Jon Gezuraga, Ainhoa Lezertua, Asier Uskola eta Irene Lauzirika dantzariak ariko dira musikariekin batera. Guztiak dira lekeitiarrak.
Hamar kanta, danak eurenak
Saturrarango emakumeei CDa hamar kantaz osotuta dago. Danak dira Zehatz Mehatz taldeak egindakoak. Diskoari izenburua emoten dion kantagaz eskuratu zituen taldeak iazko Bizkaiko Kantu Txapelketako sari bi: kanta barri onenarena, eta talderik onenarena.
Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrarenak dira diskoko kanta biren hitzak, Kristalezko emakume eta Itzulbidean. Beste bat, Oso gazte ziren, Alfredo Kobeaga taldekideak idatzi eta konposatutakoa da. Beste zazpi kantak, barriz, Jose Antonio Elu taldeko kideak egindakoak dira. Konposizio askotan Lekeitioko bertako istorioak eta egoerak islatzen dira.
Aurten Gernika-Lumon, Bermeon, Markina-Xemeinen, Berriatuan eta Ondarroako Ibilaldian jo izan du Zehatz Mehatz taldeak. Orain, Lekeition bertan emongo du amaitutzat denboraldia. «Guk musika afizio modura hartzen dugu, bakoitzak bere beharra dauka, eta biharko kontzertuaren ondoren oporrak hartuko ditugu. Udazkenean hasiko gara, barriro be, martxan», azaldu du Jose Antonio Eluk.
Azaro aldera Ipar Euskal Herrian emoteko daukate hitzartuta kontzertu bat. «Eta aurrerantzean be, hor segituko dugu, entsegatzen eta kanta barriak sortzen».