Herrikoen gatza, jaiaren pizgarri
Amorotoko jaiak asteburuan lehertu ziren eta bihar biziko dute azken eguna; gaur herritarrentzat berezia den San Martin Eguna ospatu dute eta, beste behin be, herrikoen parte-hartzea izan da jaiaren bihotza eta arima
Tokian tokikoak egindako baino hoberik ez dagoela; egia borobila.Gaur eguerdian Amoroton agerian gelditu da hori, beste behin be.
San Martin Eguna. Egun handia amorotarrentzat. Egun horrek bereizgarriren bat badu, herritarren parte hartzeak borobiltzen duena eguna izatea da. Gaurkoan
pizgarri barri bat eduki zuen: herriko dantza taldearen saioa. Euskal dantzen ikastaroan parte hartutako herritarrek, jaietarako saioa prestatzea erabaki zuten: mutil zein nesken talde bana osatu eta hilabeteren buruan erakustaldi txukun bezain ederra egitea lortu dute. Dantzariak pozik. Inguruan herritarrak harro, gustura, txaloka… «Urte asko dira herriko dantza taldea desagertu zela. Nik orduan 12 urte nituen eta orain 50 ditut; hortik pentsa», zioen dantzarietako batek.
Astelehena izanda be, plaza bete jende batu da. Halan eta be, jende kopurua ez da asteburuan bestekoa izan.
Barikua izan zen bereziki jendetsua. Ez zen inor faltan, ezta soberan ere.
Denetzat egin zuten lekua. Kontzerturako sarrerak lehiatila ireki eta batera agortu ziren, 01:30erako 900 bokadillo saldu ziren… Zapatuan, 08:30ean plaza oraindik lepo zegoen. Eta gaueko dantzarako gogoa oraindik bazenez, Esne Beltzakoek soinu txikia atara eta dantza jarri zituzten barriro denak. Pregoi espontaneorik ere ez falta izan, eta sokatiko sokari erabilera barria emon zioten: sokasalto erraldoia. «Atzora arte dena primeran, eta oraindik gaurko eguna falta jaiei agur esateko».