Ubilla aterpetxea errentan emotea erabaki du Udalak lehen Osoko bilkuran
Interesatuek proiektuak prestatzen hasteko aukera dute; baldintzak Udalaren webgunean argitaratuko dituzte
Ubilla aterpetxea errentan emotea. Hori da, besteak beste, Aulestiko Udalak lehen Osoko Bilkuran hartutako erabakia.
Negozioa hartzen duenak taberna, jantokia eta aterpetxea ustiatu ahal izango dituzte. Interesa dutenek proiektua prestatzen hasteko aukera dute; izan be baldintza-agiria udalaren webgunean jarriko dute eskuragarri bihartik aurrera. «Herrian erreferentea den negozio baten kargu hartzeaz ari gara. Negozioa martxan dago eta mugimendu handiko gunea da», aitatu du Mikel Ansotegi alkateak.
Negoziaren ardura hartzen duenak, gainera, lehen pisuan berarentzako logela bat be eskuratuko du. «Bizi ditugun garaietan aukera ona izan daiteke jende askorentzat Ubillako aterpetxea, beharra eta bizitokia bertan edukiko dituzte eta».
Iragarkia Bizkaiko Aldizkaria Ofizialean atara osteko bi astetan aurkeztu beharko da udaletxean. «Eskaintza ekonomikoa besteko garrantzi edukiko du aterpetxeagaz zer egiteko asmoa duten agertzeak». Kontratua urtebetekoa izango da, eta urtez urte luzagarria izango da «Udala zein errenteroa ados egonez gero».