Presidente berriak hogeitik hemeretzi mahaitan irabazi dio Fernando Garcia Makuari. Inoizko parte-hartzerik handiena izan da: bazkideen %62k hartu du parte presidentea hautatzeko bozketan. Jokalari ohiaren garaipena ez da ezustekoa, bera baitzen faboritoa. Hautagai izateko asmoa iragarri zuenetik bera egon da aurretik egin diren inkesta gehienetan. Baina ez da bakarrik joan aurretik galdeketetan, presidentegai izateko aurkeztu beharreko abal kopuruan ere atzetik izan zuen Garcia Makua. Orduan ikusi zen Urrutiak babes handia zuela Athleticeko bazkide konpromisarioen artean. 7.219 abal bereganatu zituen, beste hautagaiak baino 2.579 gehiago —4.640 bereganatu zituen Garcia Makuak—. Datu horiek batez bestekotara eramanez gero, ia %8ko aldea izango zuen hauteskundeetan beste hautagaiarekiko. Ez zen alde erabakigarria, baina bai oso adierazgarria. Eta atzo ikusi zen, Urrutiak nagusitasunez irabazi baitzuen. Antzik ez orain lau urte gertatu zenarekin. Orduan 750 botogatik gainditu zuen Garcia Makuak Juan Carlos Erkoreka. Athleticen historiako 31. presidentea izango da Urrutia eta kargura iristen den lehen jokalari ohia. Athleticen ohiko baloreei eutsiko die eta kirol arloaren ardura nagusia Marcelo Bielsa argentinarrari emango dio. Entrenatzailea asteburuan zehar helduko da Bilbora eta astelehenean hasiko da lehenengo taldearen lan saioak zuzentzen. Bielsarekin batera, Jose Mari Amorrortu (kirol zuzendaria); Cuco Ziganda (bigarren taldearen entrenatzailea); eta Aitor Larrazabal (Hobekuntza Prozesuen Koordinatzailea) itzuliko dira Bilboko [...]