25.000 ikusleren agertokia
Haizeak gure errautsak eramanen ditu beste hizkuntzaz mintzo diren ezpainetaraino, gure aitaren etxeak zutik iraunen du gu gabe». Sarrionandiaren berba horiekin emon zion amaiera Dantzaz konpainiak Sarritsasoa izeneko ikuskizunari, dantzariek itsasoan dzanga egiten zuten bitartean. Jarraian, ilunabarreko hodei ertzean, Sarritsasoaren umeak, bizitza barri baten haziak bailiran, itsasoratu ziren txalupaz. Jaialdian egon diren ikusle gehienak bat datoz: Sarritsasoa izan da egitarauak ekarri duen emanaldirik zirraragarriena. Iurretako poetaren unibertsoa dantza bilakatuta, hondartzan aurkitu du jokatzeko leku paregabea bariku-zapatuan. Dantzarien lan edar eta nekaezina, energia handiko koreografiak eta efektu ikusgarriak ditugu sormen lan horren ezaugarrietako batzuk. Naufragoak dira, bidaia batean murgilduta. Talaieroak norabideari begira, arrantza sarean kateatuta, eta bat-batean, Gernikako bonbardaketa, ikuskizunaren momentu gorenetako bat. Eszena honetan aitagarriena da Lekeitioko Karkabia taldeko dantzarien eta umeen parte-hartzea. Amaiera aldean, su txiki batzuek itsaso gainean kulunka biztu zuten danen gogoa. Bihotzean gordeta betirako, ahaztezina. Sarritsasoak, jaialdiaren bederatzigarren produkzioak, arrakasta ikaragarria eduki du. Bide barria urratu eta geroari begira ate bat zabaldu du», adierazi dute antolatzaileek. Eskoziatik ailegatu zen Chipolatas taldea. Hiru artista goitik behera. Musikari onak, umoregile finak, malabarista trebeak, eta batez be, eszenaren maisuak. Gentlemen of the road ezuste zoragarria izan da. Antzezlan biribila eta bizitza gozo eta baikor baten aldeko aldarrikapena. Goiza ala [...]
Haizeak gure errautsak eramanen ditu beste hizkuntzaz mintzo diren ezpainetaraino, gure aitaren etxeak zutik iraunen du gu gabe».
Sarrionandiaren berba horiekin emon zion amaiera Dantzaz konpainiak Sarritsasoa izeneko ikuskizunari, dantzariek itsasoan dzanga egiten zuten bitartean. Jarraian, ilunabarreko hodei ertzean, Sarritsasoaren umeak, bizitza barri baten haziak bailiran, itsasoratu ziren txalupaz.
Jaialdian egon diren ikusle gehienak bat datoz: Sarritsasoa izan da egitarauak ekarri duen emanaldirik zirraragarriena. Iurretako poetaren unibertsoa dantza bilakatuta, hondartzan aurkitu du jokatzeko leku paregabea bariku-zapatuan.
Dantzarien lan edar eta nekaezina, energia handiko koreografiak eta efektu ikusgarriak ditugu sormen lan horren ezaugarrietako batzuk. Naufragoak dira, bidaia batean murgilduta. Talaieroak norabideari begira, arrantza sarean kateatuta, eta bat-batean, Gernikako bonbardaketa, ikuskizunaren momentu gorenetako bat. Eszena honetan aitagarriena da Lekeitioko Karkabia taldeko dantzarien eta umeen parte-hartzea. Amaiera aldean, su txiki batzuek itsaso gainean kulunka biztu zuten danen gogoa. Bihotzean gordeta betirako, ahaztezina.
Sarritsasoak, jaialdiaren bederatzigarren produkzioak, arrakasta ikaragarria eduki du. Bide barria urratu eta geroari begira ate bat zabaldu du», adierazi dute antolatzaileek.
Eskoziatik ailegatu zen Chipolatas taldea. Hiru artista goitik behera. Musikari onak, umoregile finak, malabarista trebeak, eta batez be, eszenaren maisuak. Gentlemen of the road ezuste zoragarria izan da. Antzezlan biribila eta bizitza gozo eta baikor baten aldeko aldarrikapena.
Goiza ala gaua aukeran, gauetan bildu da ikusle kopuru handiena. Barikuan, Scura Splats talde mediterraneoarrak, –klasiko bilakatu da– Correfocs suzko kalekaleratu zuen antzerkizale gazteen gozamenerako. Ikusgarria izan zen 4.000 ikusle pirotekniagaz hartu-emonetan ikustea.
Zapatuan, barriz, Generik Vapeur talde frantziarrak 5.000 ikusle harritu zituen kalejira indartsu eta ausart batekin. Gizon urdinak, bidoiak eskuan, probokatzaile hutsak izan ziren. Itsasotik ailegatuta, Lekeitiok eskaintzen dituen bazterrak edarto erabili zituzten, Bivouac antzezlanari ikutu paregabea emonez.
Japoniatik Ojarus bikotea ailegatu zen, Lekeition zuten-eta Europako biraren abiapuntua. Bertotik Italiara eta Poloniara dira joatekoak. Ekialdeko estetika eta proposamen artistimo xumea eskaini zuten.
Robotikan oinarrituta, Deabru Beltzak taldeak lan barria kaleratu zuen. Hiru otso erraldoi eta otso piano ibiltaria ekarri zituzten eurekin, ederto eraikita ekarri be. Teknologia aldetik aurrerapausoa, zalantzarik barik.
Trapumaniak jota
«Ezin ezkutatu Lekeitio Trapumaniak jota dagoela». Trapu Zaharra taldeak jarraitzaile sutsu asko bildu ditu jaialdian. Camping Renove lanak errealitatearen absurdoaren ildotik jarraitzen du. Umore uneak menderatzen dituzte hiru aktoreek, eta inprobisazioan maisuak dira. «Gitxitan ikusi dugu kale antzerkian paella bat egitea zuzen-zuzenean, argumentu batean», aitortu du Imanol Agirre jaialdiaren zuzendari artistikoak. Ironiaren bidez, gizatasun falta salatu zuen lanak. «Gizakia ekarri munduaren neurrira», Kirmen Uribek jaialdiaren kartelean eskatzen zuen moduan.
Gaztetxoek be eduki dute zeregaz gozatu. Plaza bete ume egon zen Eidaberen Kanpanolue 11 salto gehiago ikusteko. Antzerki parte-hartzailearen magia ezagutzen du Bilboko taldeak. Oso alaia izan zen ikuskizuna.
Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki jaialdiak kalitatea eta emozioa batu ditu, eta eguraldiak eraginda, saio bakarrak aurkitu du babesa elizako arkupeetan.
Aurreko urteetako arrakastari jarraituta, 25.000 ikusle bildu dira hamabost emanalditan. Euskal Herrian erreferentea den nazioarteko jaialdirik barritzaileena, espazio barrien bila abiatu, eta hondartzan aurkitu du leku ikusgarri eta nabarmena. «Gizaki hobea, zoriontsuagoa eta askeagoa egiten gaituzte kaleko arteek. Ibilbide itxaropentsu horretan jartzen ditugu gure urratsak, aitaren eta amaren etxeak zutik dirauen bitartean», hausnartu du Agirrek.