Irailean bisitatuko dute herritarrek energia planta inauguratu berria
Euskal Energiaren Erakundekoek mutrikuarrentzat plantak sortzen duen zarata ez dela arazo izango ziurtatu dute; Patxi Lopez lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako aldun nagusia energi plantaren inaugurazioan ikusi dira lehenegoz. Herriko udal ordezkariek erlazio instituzionaletarako baliatu dute inaugurazioa
Mutrikuarrek irailean edukiko dute aukera joan den barikuan inauguratutako energi planta ezagutzeko.Euskal Energiaren Erakundeko (EEE) ordezkariek ziurtatu dutenez, bisita gidatuak eskainiko dituzte, inaugurazio ekitaldian egoteko aukerarik ere eduki ez zuten herritarrentzat.
Patxi Lopez lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako aldun nagusia olatuen bidezko energia plantaren inaugurazioan batu ziren lehengoz. Horrek arreta handia piztu zuen. Herritarrei zuzenean eragiten zien datua , ordea, EEEko ordezkariek eman zuten: «Olatuek bultzatutako energia plantak honek herritarrentzako izan dezakeen traba bakarra sortzen duen zarata litzateke. Baina neurriak hartu ditugu zarata arazo ez izateko». Horretarako, energi plantak ate bereziak eta 80 zentimetroko paretak ditu. Airearen zirkulaziorako irekita dauden lehioetan ere, zarata gutxitzeko sistema bereziak ezarri dituzte.
Inaugurazio ekitaldian, udala osatzen duten hiru aldedietatik bitako ordezkariak izan ziren, Joseba Palenzuela alkatea buru zutela. «Energi planta munduan ezaguna egingo da, duen sistema bereziagatik eta sare elektrikoari lotuta dagoen bakarra delako. Gure lana harekin batera, herria ere ezagutzera ematea izango da, eta ekar ditzakeen onura bideak lantzea eta sakontzea», zioen ekitaldiaren ondoren. «Besteak beste, Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza eta Turismo sailburuari gure asmoen berri eman diogu, eta EEEkoekin ere harreman estua mantenduko dugu».
Ekitaldian parte hartu ez arren, Berdeak-Independenteak ere inguruan izan ziren, eta 2006an onartutako portu berriaren proiektua bertan behera lagatzeko eskatzen zuen idatzia banatu zuten. Bertan, besteak beste, ekitaldian ez parte hartzeko arrazoia energi plantak ingurumenaren gaineko azterketarik ez edukitzea dela argudiatzen zuten.
ALDUN NAGUSIAREKIN BATU DA HERRIKO BILDU
Energia plantaren inaugurazioaren ondoren, Gipuzkako aldun nagusiarekin bilera eduki zuten herriko Bilduko ordezkariek. Alkateak jakinarazi duenez, herriaren egoera ezagutarazi zioten Garitanori, eta Sasiola edota eguneko zentroa bezalako proiektuen inguruan ere aritu ziren. «Diputazioarekin elkarlanean jarraitzeko eta lan hori areagotzeko asmoa» dutela ere jakinarazi zioten.