Kantu zaharrek zahar izateari laga diote
Eguraldi eskasa egin zuen arren, herritarrak kantatzera atera ziren kalera, eta giro ederra zabaldu zuten herriko zein herrian kantatzeko ohitura dagoen kantu zaharrak abestuz
Kantu zaharrei hautsa kendu zioten zapatuan herritarrek. Herriko kantak zein herrian kantatzeko ohitura zutenak biziberritu egin dituzte.
Aurrez ez bezala, kantura animatu diren guztiak talde bakarrean bildu zituzten oraingoan kantu zaharren proiektuko kideek, eta hiru gune zehatzetan aritu ziren kantuan: Goiko eta Beheko plazetan eta, aurten lehenengoz, Atxukalean. «Kanturako zaletasuna badela argi gelditu da, beste behin ere, eta giro ederra zabaldu da herrian, gainera».