«Beloki, Berasaluze eta Bengoetxeagaz jokatzeak ilusio handia egiten dit»
Asegarcegaz bi denboralditarako sinatu ondoren, profesionaletarako jauzia emongo du datorren domekan Andoni Aretxabaletak (Markina-Xemein, 1993). Karmen jaien barruan eta bere herrian debutatuko du. Noiz hasi zinen pelotan jokatzen? Zortzi bat urtegaz. Betidanik eduki dut zaletasuna, txikitatik. Markinako Esku Pilota Taldean jokatu duzu. Zelako urteak izan dira? Hamar urte egin ditut Markinako Esku Pilota Taldean. Urte onak izan dira eta gustura ibili naiz. Serafin Ibarra eta Unai Iglesias izan ditut pelotako irakasle. Iglesiasek gogor egiten zidan, baina gustura joaten nintzen entrenamenduetara. Bidea be zabaldu egin zidan, herritik kanpoko jaialdi eta txapelketetan jolasteko. Pelota eskolak jakin egin behar du pelotaria zelan bideratu; meritua eurena izaten da. Azken urteetan txapelketa garrantzitsuak jokatu dituzu: Diario Vascok antolatzen duena, Biharko Izarrak edo Herriarteko Txapelketa. Herriarteko Txapelketa Markinako Esku Pilota Talde moduan jokatu dut. Aurten ezin izan dut amaitu, beste final bat izan dudalako, baina iaz Bizkaikoa eta Euskadikoa irabazi genituen. Diario Vascok antolatutakoa, ostera, 2009an jokatu nuen . Herri bakoitzean nabarmentzen diren pelotariak aukeratzen dituzte jokatzeko, eta hamasei bikote osotzen dituzte guztira. Irabazi egin genuen eta bera da ziurrenik irabazi dudan txapelketarik garrantzitsuena. Garaipen horren ondorioz, Asegarcegaz entrenatzeko aukera emon zidaten, eta Aniceto Lascano tolosarragaz ibili naiz ikasten azken bi urteetan. Tolosara joaten zara, orduan, [...]
Asegarcegaz bi denboralditarako sinatu ondoren, profesionaletarako jauzia emongo du datorren domekan Andoni Aretxabaletak (Markina-Xemein, 1993). Karmen jaien barruan eta bere herrian debutatuko du.
Noiz hasi zinen pelotan jokatzen?
Zortzi bat urtegaz. Betidanik eduki dut zaletasuna, txikitatik.
Markinako Esku Pilota Taldean jokatu duzu. Zelako urteak izan dira?
Hamar urte egin ditut Markinako Esku Pilota Taldean. Urte onak izan dira eta gustura ibili naiz. Serafin Ibarra eta Unai Iglesias izan ditut pelotako irakasle. Iglesiasek gogor egiten zidan, baina gustura joaten nintzen entrenamenduetara. Bidea be zabaldu egin zidan, herritik kanpoko jaialdi eta txapelketetan jolasteko. Pelota eskolak jakin egin behar du pelotaria zelan bideratu; meritua eurena izaten da.
Azken urteetan txapelketa garrantzitsuak jokatu dituzu: Diario Vascok antolatzen duena, Biharko Izarrak edo Herriarteko Txapelketa.
Herriarteko Txapelketa Markinako Esku Pilota Talde moduan jokatu dut. Aurten ezin izan dut amaitu, beste final bat izan dudalako, baina iaz Bizkaikoa eta Euskadikoa irabazi genituen. Diario Vascok antolatutakoa, ostera, 2009an jokatu nuen . Herri bakoitzean nabarmentzen diren pelotariak aukeratzen dituzte jokatzeko, eta hamasei bikote osotzen dituzte guztira. Irabazi egin genuen eta bera da ziurrenik irabazi dudan txapelketarik garrantzitsuena. Garaipen horren ondorioz, Asegarcegaz entrenatzeko aukera emon zidaten, eta Aniceto Lascano tolosarragaz ibili naiz ikasten azken bi urteetan.
Tolosara joaten zara, orduan, entrenatzera?
Libre nagoen asteburu guztietan eta oporretan joaten naiz, jai egunak aprobetxatuta.
Biharko Izarrak jokatzeak be ate asko zabaltzen ditu.
Biharko Izarrak afizionatu mailan jokatzen den txapelketa garrantzitsuena da, eta izena eta txapelketak eduki behar dira bertan jokatzeko. Azken zazpi urteetan, txapelketa hori irabazi duten guztiek profesionaletarako jauzia emon dute eta garrantzitsua izan da niretzat hori jokatzea. Nahiz eta ez dudan irabazi, Asegarceko batzuk kanpora joan dira eta aukera eduki dugu profesionaletan sartzeko. Finala jokatu genuen bi atzelariok debutatuko dugu. Berak egin du jadanik.
Asegarcen jokatzeko aukera zelan sortu zen?
Komunikabideetatik enteratu nintzen, irratian esan zuten eta. Asegarceren webgunean jarri zuten albistea, eta berahala zabaldu zen. Sorpresa handia izan zen.
Ze hartu-emon daukazu beste pelotariekin?
Beti telebistatik ikusi ditut, eta orain eurekin egotea harrigarria da. Argazki batzuk ateratzeko elkartu nintzen eurekin lehenengoz. Gero, Lekeition egon ginen kontzentratuta.
Zelako giroa eduki zenuten Lekeition.
Giro ona eduki genuen eta beti egoten ginen zer edo zer egiten. Niretzako ona izan zen besteak ezagutzen joateko.
Datorren domekan debuta. Zelakoa behitantzen zaizu partidua?
Oso ona, Beloki nire idoloa izan da eta Berasaluze eta Bengoetxeagaz jokatzeak ilusio handia egiten dit. Partidua mundiala da, eta eguna ona.
Bertarako egunerako zelan zabiltza prestatzen?
Tolosara joaten nabil entrenatzera. Udan partidu asko jokatzen dira eta fisikoki maila onean egon behar da; hori dela eta, behar asko egiten gabiltza. Tolosan pelotako entrenamenduak edukitzen ditut eta Gernika-Lumon eta Durangon fisikoa lantzen dut.
Urduri zaude debuterako?
Momentuz ez, baina bertan egunean seguru jarriko naizela. Egia esan, ez naiz urduri ipintzen den horietakoa.
Pelota munduan noraino ailegatzea gustatuko litzaizuke?
Hobetzen joan eta joko maila on batera ailegatzea nahi dut. Mugarik, toperik, ez dut jartzen. Gustura jarraitzea eta ahal denik eta ondoen jokatzea dut helburu. Titulurik ez daukat buruan.
Karmen jai desberdinak izango dituzu aurten. Zaindu egin beharko zara.
Horixe bera esan dit entrenatzaileak, baina, jaia albo batera laga behar izanak ez didala inporta erantzun diot. Gustura aldatuko dut bizitzaz.
Aretxabaletak bigarren partidua jokatuko du Bengoetxea VI.ena bikote duela
Datorren domekan, 18:00etan jokatuko dira Markina-Xemeingo frontoi nagusian Andoni Aretxabaletaren debuteko partiduak. Lehenengo partidua Saralegi eta Mendizabal II.aren eta Olaetxea eta Otxandorenaren artekoa izango da. Bigarren partidua, berriz, Aretxabaleta eta Bengoetxea VI.enaren Berasaluze VIII.ena eta Belokiren kontrakoa izango da.
Partidu garrantzitsua izanik, aurretiazko salmenta jarriko du Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak. Horrela, sarrerak salgai egongo dira pilotalekuko leihatilan, barikuan, 18:00etatik 20:00etara, eta zapatuan eta domekan, 12:00etatik 14:00etara. Sarreren prezioa, tente 15 eurokoa izango da eta jarrita (zenbakidunak) 25 eurokoa.