Ttakun Band, bikain
Jarleku piloa beteta, pilaran jendea eta balkoietan gehiago. Lekitto Musika Bandak eta Oreka Tx taldeak batera eskainitako Ttakun Band kontzertuak arrakasta itzela eduki du. Kontzertu «berezietan bereziena» eskaini nahi zuen herriko musika bandak, et...
Jarleku piloa beteta, pilaran jendea eta balkoietan gehiago. Lekitto Musika Bandak eta Oreka Tx taldeak batera eskainitako Ttakun Band kontzertuak arrakasta itzela eduki du. Kontzertu «berezietan bereziena» eskaini nahi zuen herriko musika bandak, eta baita lortu be.
Ikuskizun osoa izan zen barikukoa. Musika estilo desberdinak, irudiak eta dantza; guztiak uztartu ziren Lekeitioko plazan batutako publikoaren txaloekin. Aurretik behar handia egin dela nabari zen ikuskizunean. Nomada Tx beharreko kanten moldaketak jo zituen herriko bandak txalaparta soinuekin batera. Horretaz gainera, Mixel Ducau musikariak batzutan saxofoiagaz eta beste batzutan albokagaz lagundu zituen doinuak. Beste kolaboratzaile handi bat be izan zuten, Orekakoekin aurretik be aritutako Aziza Brahim abeslaria. Saharauiarrak hiruzpalau kantatan parte hartu zuen.
Osagai guztiak
Musika, Nomada Tx pelikulako irudiekin nahastu zen, bai eta ikuskizunaren barri ematen zuen bideoagaz be. Baina ikuskizuneko tarte bereziena Teresa Zabalzak espreski kontzerturako egindako Dei bat kantuagaz etorri zen. Kantu horretan osagai guztiak batu ziren: Oreka taldea, herriko banda, Brahimen ahotsa eta Asier Uskola dantzariak beste mugimendu batzuk sartuta egindako Kaxarrankaren irudikapena. Amaierako txalo zaparrada ikaragarriak agerian utzi zuen publikoaren emozioa.