«Herritarren konfidantza zapuztu barik» alkate izatea erabaki du Anakabek
Udaltzain postua utzi egingo du Jesus Anakabek alkate den artean; postu hori betetzeko izapideak irailean hasiko dituzte
«Hasieratik argi neukan. Herritarren nigan jarritako konfidantzari ez nion hutsik egin nai». Horrenbestez argitu ditu Jesus Anakabek bere lan egoerari buruz zeuden duda guztiak.
Anakabe herriko udaltzaina zen EAJko zerrendaburua izan aurretik. Behin alkate izango zela jakitean, bateraeintzasun txostena martxan jarri zuten. Hilaren 23an bateraezintasun txostena osoko bilkuratik pasa zen eta Anakabek zer egin beahr zuen pentsatzeko hamar eguneko epea emon zitzaion. «Legeak agintzen dituen pausoak bete ditugu, baina nik zerrendetan aurkeztu nintzenetik argi nuen alkate izateko aukeratzen baninduten, alkate izango nitnzela».
Udaltzain postua betetzeko izapideak irailean hasiko dituzte. «Postu hori betetzeko egin beharrekoak zertan diren aztertzen ari gara. Legearen gorabeherak ezagutzen ditugunean postu hori betetzeko pausoak emongo ditugu».
Alkate den bitartean Jesus Anakabe «zerbitzu berezien egoeran» egongo da. «Jendeak ulertzeko, eszedentziaren itxurako figura bat da, nahiz eta argi utzi behar den ez dela gauza bera», azaldu du udal idazkariak.
Batzordeak eratuta
Alkatearen lan egoera argitzeaz gain, udaletxearen funtzionamendurako batzordeak eta horietan parte hartuko duten zinegotzien banaketa be erabaki dute Mendexako udaletxean.
Lau batzorde eratu dituzte: Hirigintza, Garapena, Ongizatea eta Kultura eta Kirola. Batzorde guztiak EAJko zinegotziek zuzenduko dituzten arren, batzorde bakoitzean, «herriko sentsibilitate guztiak islatzea» nahi izan dute. «Herriak aukeratutako ordezkari guztien artean ardurak banatuta, herriko ikuspegi guztiak kontuan hartzea da gure asmoa. Guztion arteko beharra egitea».
Lehen bi batzordeetan ¬hirigintzan eta garapenean¬ Bilduko zein EAJko bi ordezkari egongo dira; Ongizaten, ostera, Udala osatzen duten bi alderdietako ordezkari bana jarri dute; eta Kultura eta Kirola antolatzeko batzordean, alderdi bakoitzako ordezkari bana egoteaz gain, herriko kultur taldeen presentzia ere egongo da. «Herrian badaude euren jarduna kirolera zein kultura zuzentzen duten taldeak: Kuku-Habixa, Jai Batzordea eta Bertso-Kirol elkarteaz ari naiz, bereziki. Gazteen beharra be ez nuke ahaztu nahi. Egin duten eta egiten duten beharragatik, euren presentzia ezinbestekoa dela iruditzen zaigu», azaldu du alkateak.