Urtebete barru gas naturala herri guztira zabaltzeko beharrean dabil Naturgas
Euska Jaurlaritzagaz sinatutako akordio batek zabaldu du Berriatuan gas naturala herri guztiak edukitzeko bidea; Udalak ia herri osoko sarea prest dauka
012ko abuztua. Hori da, Naturgaseko arduradunek herri osoan gas naturala erabilgarria izateko eskuartean darabilten behin behineko data.
Eusko Jaurlaritzak eta Naturgasek sinatutako akordioak ahalbideratu du Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hainbat herritan gas naturalaren sartzea. Onuradunetako bat Berriatua da.
Udalak bere aldetik, aurrelanak eginak ditu. Izan be, duela zortzi urtetik hona gasa sartu ahal izateko sarea jartzen aritu da. «Orudan, Euskadi Gas deituriko enpresak egin zuen herrian gasa sartzeko proiektua. Hari jarraituz, herrian obra bat egin dugun bakoitzean hodiak sartzeko aprobetxatu dugu», azaldu du Imanol Mugartegi alkateak. «Egindako aurrelanari esker, herriguneko sarea prest dago. Han eta hemen zenbait adar lotzea bakarrik geldituko litzateke».
Sare nagusiari lotura
Gas naturala Ondarroatik Markina-Xemein aldera daraman hoditeria nagusia, Cikautxotik pasa eta Monte gaineko alderaino dator. Hoditeria horrekin lotura Bastalotza atzean egingo litzateke. Bertan presio altuan datorren gasa herrira jeitsiko dute. Gasaren presioa horniketarako modukoa izateko beharrezko makineria frontoi atzean eraikiko den etxetxo baten jarriko dute. «Herrira hortik jeitsiko da. Gero, herriarena den sarea erabiliko dute banaketarako. Horretarako, lehendabizi naturgasek sarea eros beharko digu».
Orain artean gasa daukaten bezeroen hornidura Repsol enpresaren esku egon da. Repsolek herrian hiru biltegi ditu (bi lur azpian eta beste bat lur gainean). «Naturgasekoek Repsoli gordailuak erosiko dizkiote. Hori egindakoan kendu egingo ditugu, eta Udalak lur horiek berreskuratu egingo ditu», azaldu du alkateak. «Bertatik edozer egiteko be orain arte zegoen traba kenduko dute horrela».