
Laga gazteixi bakin lelopean eroan ziren aurrera Eneko Etxaburu preso politikoaren aldeko ekimenak zapatuan. 12:00etan zegoen eginda hitzordua alde zaharrean, eta ordurako ertzainen furgoneta bi zeuden Musika Plazan. Latxanbre plazan argazkia atera eta gero, Kalekutzean batu ziren herritarrak elkarretaratzean. Bazkal aurrean, gazte batzuk identifikatu zituzten ertzainek Zubi Zaharraren parean. Sutargi aurrean eduki zuten bazkaria Etxabururen lagun eta senideek. Ordu batzuk geroago, 19:30ean, Kalekutzean egin zen ekitaldi nagusia. Bertan, Etxaburu Basauriko kartzelara sartu zen momentua ekarri zuten gogora. «Urtebete pasatu da gure lagun eta kide Eneko gure artean falta zaigunetik. Hamengo asko gogoratuko zarete iazko irailaren 23an Enekok Basauriko kartzelako atea zelan zeharkatu zuen». 214 atxiloketa urte bian 2007tik 2009ra bitartean 214 gazte atxilotu zituztela azaldu zuten ekimenean, «Euskal Herriaren alde behar politikoa egitearren». Atxiloketa eta erasoen aurrean, gazteriak lana egiteko daukan gaitasuna defendatu zuten: «Gazteriaren inplikazioa eta iraultzarako indarra izan dira gazte erakundearen arma bakarra. Eta horixe da ezin dutena ulertu. Ezin dute ulertu euskal gazteria gai dela bere arazoei aurre egin eta bere alternatiba propioak sortzeko. Urteetako borrokaren bidez hainbat gauza lortu ditugu, eta oraindikan badaukagu zer lortu». Alamedaraino egin zen manifestazio jendetsuagaz amaitu ziren Etxabururen alde antolatutako ekimenak, 20:20an. Goizean gertatu modura, presentzia poliziala nabaria izan zen Musika [...]