Ibarreko biztanleak umetatik elkarregaz
Txikienak bihurtu dira Aulestiko frontoiaren jaun eta jabe, egunaren jaun eta jabe eta euren aisialdiaren jaun eta jabe bost udalerrik osatzen duten Lea Ibarreko Amankomunazgoak eurentzat prestatutako egun berezian
Umeak alai eta pozik ikusteko, sarri, ez da gauza askorik behar izaten. Olgetan edozerregaz egiten dute, eta ondo pasatzeko berezko abilidadea daukate. Halan eta be, Lea Ibarreko Amankomunazgoak, eta haren atzean dauden bost udalerriek, urtero ahalegin berezia egiten dute, eta Gizaburuaga, Mendexa, Amoroto, Aulesti eta Munitibarko umeei egun berezia emon nahi izaten diete.
Aulestiko frontoia bihurtu da aurten, jaiaren erdigune. Bertara hurbiltzean entzuten zen soinu alai, zaratatsu eta urduriak barruan zegoena irudikatzeko aukera emoten zuen.
Batera zein bestera ume ugari zebiltzan. Eurena zen gunea eta eurentzat barruan prestatua zegoen guztia: zirkoko elementuen tailerra, futbolin erraldoia, aurpegia pintatzeko txokoa, maskarak egiteko gunea, puzgarriak… Kolorez jositako aukerak, dibertimendua nagusi zen gunean.
Eta tarteka, ondo pasatzea bezainbeste gustatzen zaien kontu bat be agertu zen: «Aita/ama, begira ze ederki… ze polita… ze ondo…». Bueltan zituzten gurasoei euren abileziak erakusten zizkieten askok, izan saltoak emoten, malabarak egiten edo, dena delakoan.
Gurasoak argazkiak atara eta atara ari ziren, etxeko txikiaren egun alai bateko oroigarriak jasoaz. «Egun berezia da eurentzat, eta eurek ez ezik geuk be edarto pasatzen dugu eurei begira eta zelan ari diren ikusita», aitortzen zuen gurasoetako batek.
Eguerdi buelta neka-neka eginda amaitu zuten ume zein gaztetxoek. Baina ez zen hor dena bukatu. Indarrak berreskuratuta, goizeko aukerei, Jakin eta Jolas pailasoekin dantza egitekoa gehitu zitzaien; eta amaitzeko, txokolatada ederra izan zuten.