Desanexiotik zazpi urtera, herria jai giroan
Jai Batzordearen baitan herri ospakizuna antolatu dute Ziortza-Bolibarren; mendi martxa eta rock gaua antolatu dituzteMarkina-Xemeindik bereizi eta barriro be herri izatea lortu zuten eguna ospatzeko
Azaroaren 30a egun berezia da bolibartarrentzat. Izan be, egun horretan lortu zuten, Markina-Xemeinengandik bereizi eta, barriro be, herri izatea. Nortasunari lotuta gertaera historikoa ospatzeko ekintza ezberdinak antolatu dituzte asteburura begira. «Desanexio eguna egun berezia da guretzat. Herri izatera bueltatu ginen; egun handia izan zen. Eta orduko poz hura bizi nahi dugu barriro be», azaldu dute antolatzaileek. Egunerako antolatu dituzten ekimenen artean bik indar berezia hartzen dute: mendi martxak eta rock gauak. «Jai batzordearen baitatik ataratako ideia izan zen, aurten, ekimen bat egin beharrean, herri ospakizuna egitea, eta ekimen ezberdinak martxan jartzea elkarte ezberdinen laguntzagaz». Horrela, Aranbaltzek hartu du mendi martxaren ardura eta gazte asanbladak kontzertuena. «Jai batzordea dago guztiaren atzean, eta Markola Guraso Elkartea be hor dago. Gainera, laguntzaile mordoa dauzkagu, eta motorra beti behar izaten den arren, haien laguntzarik barik ezingo litzateke aurrera egin».
Bi ibilbide eta gau luzea
Desanexio Eguna 30ean izan arren, asteburua izango da ospakizunetarako erabiliko dutena. Barikuan ordu txikiak arte dantza egiteko aukera egongo da. Gauari hasiera emoteko lau talde biltzen dituen rock kontzertua prestatu dute: Primeros Auxilios, Sarekada, Materia Gris eta Itziarren Semeak izango dira, 22:00etatik aurrera, Bolibarko frontoian . Ostean, gazte lokalera pasako da jaia eta DJ gaua izango dute bertan. Domekan goiztiarren eta mendizaleen txanda izango da. Herriari bira emonez, 26 kilometroko bidea egiteko aukera egongo da ausartenentzat. Lasaiago ibili nahi dutenek, ostera, 9,5 kilometroko ibilbidea aukeratu dezakete. Lehendabizikoa, 08:00etan atarako da; bigarrena, 10:30ean. «Irteera baino ordu erdi lehenago gosaria egongo da». Mendi martxarako 525 lagunek emona dute jada izena. Ibilbidean zehar hiru hornidura puntu jarriko dituzte: Oizko aterpean, Ziarregiko Elkartean eta bukaeran. «Amaieran, dutxak be egongo dira». Ostean, herri bazkaria egingo dute. «Herritarrak ez diren guztiak be etortzeko aukera daukate, baina lehenbailehen esan behar dute gelditzeko asmoa dutela». Bazkaritarako, momentura arte, 153 lagun daude.
Argazkiak, sarera
Mendi martxako informazio guztia ekimenerako espreski zabaldutako blogean aurkitu daiteke: ziortzabolibarkomendimartxa.blogspot.com. Parte hartzaileei ahalik eta informazio gehien emoteko zabaldu dute bloga, eta aldi berean, urtetan jasotako eskaria erantzun nahi izan diote. «Urtero esaten digute, ataratzen ditugun argazkiak ikus nahi dituztela. Blogaren bidez jendearen nahia beteko dugu».