2012an Europako araudia zorrotz bete behar dela argudiatuta, Osasun Sailak Erralde ixteko epea abenduaren 30ean jarri du. Osasun arloko arazorik ez da inoiz egon; hiltegia antolatzeko era da ixtearen arrazoia.
Nagusietan, Ormaetxea eta Garalde. Gazteetan, Goitia eta Andonegi. Horiek dira aurtengo Desanexio Txapelketa eta Luis Bilbao Memoriala irabazi dutenak. Finalak joan den domekan jokatu ziren, eta aspaldiko jende gehien batzea lortu zuten. Bertaratu zirenek partida ederrak ikusteko aukera eduki zuten: «tentsio handikoak, gogorrak eta emozioz betetakoak». Gazte mailako partida izan zen bete-betean emondako definizioan sartzen dena. Goitia eta Andonegik eta Sergio eta Antonek egin zuten salto kantxara. Oso parekatua izan zen, eta hasieratik amaierara arte oso gogorra. Azken tantoetan behin eta barriro berdinketa zegoen markagailua. «Zortearen partida izan zela esan daiteke», dio herriko zesta eskolako arduradun Roberto Lekuek. «Batek zein besteak irabaz zezakeen. Azken tantoan aurrelariaren huts batek garaipena emon zien Goitia eta Andonegiri, baina bi bikoteek jokatu zuten txapela janzteko moduan». Azkenean, 30-29 bukatu zuten. Nagusien partidan gorabehera handiak izan ziren. Gazteetan bezala, 30-29 bukatu zuten, baina partida oso bestelakoa izan zen, eta ezusteko amaiera izan zuen. Antxon eta Kirru izan ziren partidaren zuzendaritza hartu zutenak. Markagailuan aurretik joan ziren partida osoan, eta beti bost tantoren aldeagaz jokatu zuten. Partida amaieran, ostera, goitik behera aldatu zen. Markagailuak 28-22 jaso zuenean emon zen aldaketa. Hortik aurrera, Antxon eta Kirruk tanto bakarra egiten asmatu zuten, eta txapelak nola ihes egiten zien [...]