Herriaren etorkizunean erabakitzeko aukera edukiko dute aulestiarrek
Aulestiko udalaren egoera ekonomikoa, Murlako proiektua eta tasei buruz berba egingo dute biharko herri batzarrean; herritarrek "benetako parte hartzea eta erabakimena" edukitze bidea jarriko dute martxan
Herritarrentzako «garrantzi handiko» gaiak landuko dituzte biharko Udalak deitu duen herri batzarrean: udalaren egoera ekonomikoa, tasak eta zergak eta Murlako proiektua daude gai ordenan. Herritarrek gai horien inguruko informazio «zuzena eta osoa» jasotzeagaz batera, erabakietan parte hartzeko aukera edukiko dute.
Bilerari hasiera emoteko parte hartzea izango da, hain zuzen be, mahai gainean jarriko duten gaia. Parte hartzeko modua zelan artikulatuko duten azalduko dute. «Herritarrek Udalean lau urtean behin botoa emotea baino parte hartze handiagoa eduki behar dutela uste dugu. Lan taldeak sortu eta herritarrek udalean erabakitzeko benetako eskubidea edukitzea da lortu nahi duguna», adierazi du Mikel Ansotegi alkateak.
Udalaren egoera ekonomikoari helduko diote ostean. « Zenbaki denak emonda, herritarrek udalaren egoera guk bezain beste ezagutzea nahi dugu».
Jarraian, udal tasei eta zergei buruz egingo dute berba. 2008tik izoztuta daude Aulestin. Gaur egun egoera zertan den azaldu ostean, udal ordezkariek proposamen zehatz bat egingo dute. «Proposamena da, ez dago azkan erabakirik. Debatea irekiko da batzarrean, eta erabakia han bertan hartuko dugu».
Azkanik, Murlako proiektuari helduko diote. «Azalpen guztiak emongo ditugu batzarrean, herritarrek informazio guztia eduki dezaten. Lea Ibarrarentzat, eta orokorrean, eskualdearentzat, proiektu interesgarria da Murlakoa. Baina herritarrek erabakiko dute horregaz jarraitu nahi duten edo ez».
Jendea batu nahia
Herri batzarrean landuko diren gaien garrantzia ikusita, ahalik eta jende gehien batu nahi dute udal ordezkariek. «Jendeak bileraren barri jakin dezan ahalegin guztiak egiten ari gara. Erabakiak hartuko dira bileran, eta horretarako ahalik eta parte hartze zabalena eduki nahi dugu».
Gaiak ulertzeko orduan arazorik ez edukitzeko, ikus-entzunezko baliabideak erabiliko dituzte batzarrean. «Power point bidez informazioa xamurtuko dugu, gaizki ulerturik ez egoteko. Herritar denei egiten diegu etortzeko deia, eurengan eragin zuzena duten gaietaz ariko gara eta».
Bilera aurretik, oposizioaren aurrean egin dute aurkezpena. «Edukien nondik norakoak haiei bakarrik erakutsi dizkiegu. Gainontze denek, barikuan, udal aretoan, lehen eskutik jasoko dituzte datuak. Bertan berba egingo dugu guztiaz eta erabakiak hartuko ditugu».
Bilera, 19:00etan, udal areto nagusian izango da. «Aurrerantzean, udalean parte hartze zuzena edukiko dute herritarrek. Denoi dagokio herria eta herriaren etorkizuna zein izatea nahi dugun erabakitzea. Baina horrek herritarren aldetik ardura eta konpromisoa eskatuko ditu».