Neguan itsasoko belarrak hondarrean uztea adostu dute Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak
Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak itsasoko belarra hondarretan uztea adostu dute batzarrean. Plastikoak eta organikoak ez diren gaiak bildu eta ohiko zakarguneetara eramango dira, eta itsasoak –Deba ibaiak ere bai– ekarritako egurra ho...
Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak itsasoko belarra hondarretan uztea adostu dute batzarrean. Plastikoak eta organikoak ez diren gaiak bildu eta ohiko zakarguneetara eramango dira, eta itsasoak –Deba ibaiak ere bai– ekarritako egurra hondartzen goiko aldean pilatuko da nahi duten guztiek sutarako har dezaten. Hala egingo da udalerriko hiru hondartzetan negu partean.
Udalak azaldu duenez, urte osoan egiten da hondartzen garbiketa, urteko lau urtaroetan. Zerbitzu horren ardura Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta finantzaketa ere bai. Itsasoak eta erabiltzaileek hondartzara dakarten zikinkeria jaso eta hondartzak garbi edukitzea da helburua.
Hondartzak garbitu ondoren, jasotzen den zikinkeriaren trataera egiten dela argitu dute udal ordezkariek. “Hondartzak garbitzen direnean pilatzen den zikinkeria guztia kamioi batean sartu eta hondakinak tratatzeko instalaziora eramaten da. Pisaketa egin ondoren, Udalari pasatzen zaio faktura, batez beste, hilean 7.000 euro”. Fakturaren tamaina kontuan hartuta, Mutrikuko Udalak ulertu du ez dela lehentasuna neguan hondartzan jasotzen diren zakarrak hondakinak tratatzeko instalaziora bideratzea. “Horrela jokatuta asko izango da Mutrikuko Udalak aurreztuko duen dirua”.
Erabakia behin-behinekoa da, eta eguraldi onak hasi eta herritarrak hondartzara joaten hasten direnerako, beste erabakiren bat hartuko du Udalak.