XI. Mendi Astea ondo baino hobeto joan zaio Aurrera Mendi Taldeari. Gaurko Finalista Eguna izan da azkan ekimena, eta aurrekoetan gertatu legez, mendizaleek ondo erantzun dute. 65 bat lagunek egin dute gaur goizean Berriatuko Madalenarainoko igoera, 40 batek Alamedatik eta 25 batek Berriatutik. “Eguraldia mendira joatekoa” zegoen. Ez du hotzik egin, eta itsaso gainea goizean goiz baltz bazegoen be, eguna jasotzen joan da minutuek aurrera egin ahala. “Hobeto ezin izan da izan”, aitortu du gaur arratsaldean Ibon Bedialauneta Aurrera Mendi Taldeko kideak. Ordu bi eta erdi inguru behar izan dute Ondarroatik ateratako ibiltariek Madalenara ailegatzeko, eta han, 12:00ak bueltan, sari banaketa egin dute. Ruben Ansola saritu du Aurrerak, mendi taldeen artean urtean antolatutako urteera guztietan -hamaika- parte hartzeagatik. Txorizoa eta salda beroa dastatuta, hotzitzen hasi aurretik, beherantz hasi dira mendizaleak 12:30ak bueltan. Armitxa eta Tontorramendi igarota, Ondarroara ailegatzen joan dira. 14:00etarako guztiak zeuden bueltan. Urte amaierako bazkarian bildu dira ostean. Luze joan da bazkalostea. Kanadako testigantza Barikuan Igor Mendizabal Goxarri eskalatzaileagaz zegoen eginda hitzodua Kofradia Zaharrean. 50 ikus-entzulek bete egin zituzten hitzaldi aretoko aulkiak. Hizlaria “herrikoa lakoa izanda”, giro onean joan zen berbaldia, barre eta azalpen artean. Interesgarria izan zen. “Goxarrik eskua dauka, eta eroangarria egin zuen emonaldia”, esan du Bedialaunetak. Gaztetxoen boulder txapelketa Giro ona eta ikuskizun ikusgarria [...]