Bi urtetan izoztuta egon ostean, zergek gora egingo dute Aulestin
Ibilgailuei eta zabor batzeari dagozkion zergak %4 gehiago ordainduko dituzte 2012. urtean; badira igoera oso txikia eduki duten zenbait zerga be, edota bere horretan geldituko direnak
Udalaren sarrerak igotzeko beharrizanari aurre egiteko, azkan bi urteetan aparkatuta eduki duten neurria martxan jarri dute aulestiarrek: udal zerga eta tasak igotzea.
Udal ordezkariek abenduko herri batzarrean aurkeztu zuten neurria eta bertan bildutakoen oniritzia jaso zuen. Igoera udalaren egoera zuzentzeko hartuko diren neurrietako bat izango dela azpimarratu zuen Mikel Ansotegi alkateak. «Hemendik eta handik aldaketa txikiak eginda, Udalaren sarrerek gora egitea lortu nahi dugu».
Gehien igoko diren zerga eta tasak zabor batzeari eta ibilgailuei lotutakoak dira: KPI+1 da onartutako igoera; hau da, %4 gehiago balioko dute aurten. Ibilgailuen kasuan, herritar bakoitzari, gutxi gorabehera, lau euro gehiago ordaintzea suposatzen dio horrek; zabor biltzeari dagokionean, etxebizitzako 19,71 euro ordaindu beharko dira aurrerantzean; denden kasuan, 44,15 euro; industriek, %73,69 eta auzoetako bilketagatik, 11, 82 euro. «Beste herrikin alderatuta, zerbitzu horri errentagarritasun gitxi ataratzen diogu. %46 jasotzen dugu bueltan; eta Munitibarrek, esaterako, %65 ».
Planteamendua egiteko inguruko herrietako datuak eskuratu ditu udalak eta horren araberakoa izan da egindako proposamena. «Igoera aplikatutakoan be, Amoroton eta Mendexan ordaintzen dutenaren azpitik ordaintzen jarraituko dugu ibilgailuen kasuan. Eta zabor batzeari dagokionean, Munitibar be gehitu behar zaio gu baino gutxiago ordaintzen dutenen zerrendari», aitatu zuen alkateak. «Igoeragaz ez da dirutza batuko, baina hori da gure asmoa, toki askotan aldaketa txikiak eginda, gauzak hobetzeko bidean jartzea».
Gitxien dutenei lagunduz
Udalaren planteamenduaren oinarrian beharrizan handiena dutenei gehien laguntzea dago. «Inor estutzea ez da asmoa. Proposamenak orokorrak diren arren, familia bakoitzaren egoera kontuan hartuko da, eta gitxien dutenek laguntzak jasoko dituzte», azaldu zuen.
Etxe bakoitzeko sarrerak eta pertsona kopurua kontuan hartuta, hobarien taula bat osatu du Udalak. Ekonomikoki okerren daudenek %90era arteko hobariak jaso ahal izango dituzte. Hobarien taula herritarren lehenengo ibilgailuaren zergari, zabor batzeari eta gimnasioko erabiltzaileei aplikatuko zaizkio.
Aldaketa gutxi edo bat be ez
Zerga eta tasa denek ez dute aldaketa bera jasango: tartean daude bere horretan utziko dituztenak, edota urteetan aldaketarik izan ez eta datozen urteetan igoera oso txikiak edukiko dituztenak.
Igoera txikiak jasango dituzten zergen artean, ferietako zerga, obra lizentziak eta hondasun higiezinen gaineko zergak daude. Azken horrek ez du aldaketarik izan 1989. urtetik. «Bizkaian zerga hori gutxien ordaintzen duten 13 udalerrien artean Lea Ibarreko bost herriok gaude. Hainbat herrigaz alderatu ostean, Nabarniz hartu dugu erreferentziatzat, eta hark gaur egun duen 0,72ra heltzea da asmoa. Urtero bi zentimo igoko ditugu eta, horrela, 2014an aitaturiko zifra horretara helduko gara».
Aldaketarik jasango ez duten zergak eta tasak, ostera, ondokoak dira: gimnasioaren erabiltzaileei dagokiena, udal bideen erabilerarena, obra materialarena (aldamioak eta kontenedoreak jartzeagatik) eta obrengatik udalari ordaintzen zaiona. «Obra zerga %4 da. Baina, 9.000 eurotik beherako obrek ez dute tasarik ordaindu beharko. Proiektua euskaraz aurkezteak %60ko hobaria izango du, beti be, 1.000 euroko topeagaz. Eta zaharberritze edo mantentze beharrengatik eta konponketengatik %3 ordaindu beharko da». Jarduera ekonomikoaren gaineko zergak be ez du igoerarik jasango: 1992. urtetik%1,15 ordaintzen da.