Udal gehiago bereganatzea da 2012. urterako Uemak duen erronka nagusia
20 udalerrirekin eduki dituzte harremanak, eta batu nahi duten herri gehienetan diru falta da arazo nagusia. 2012ko egitasmoa be onartu dute Zumaian egin berri duten bileran.
Uemak argi dauka 2012. urtean lortu behar duena zer den: betetzen duen lur esparrua handitzea, hau da, bere baitan dituena udalerriak gehitzea.
Uemako ordezkari politikoek aurtengo erronka nagusiari heldu diote, jada. Nahiz eta udalerriei buruzko datu zehatzagorik ez eman, 20 udalerrirekin harremanak izan dituztela argitu dute. «Asko izan dira Ueman egoteko borondate politikoa agertu dutenak, baina udal askok arazo ekonomikoak dituzte,eta hori da duten traba nagusia. Hala ere, datozen hilabetetan udal horietako askok gurekin biltzeko eskaera egingo dutela espero dugu», azaldu dute Uemako ordezkariek. «Udalerriak gehitzeko nahia, bizi dugun garai berria aprobetxatuz, indarrak batu eta jauzi kualitatibo bat emateko urratsa da».
Lea-Artibai eta Busturialdean momentura arte zortzi udalerri daude Uemaren baitan. Lea-Artibain, Amoroto, Aulesti, Berriatua eta Gizaburuaga. Busturialdean, Ajangiz, Busturia, Muxika eta Bermeo. Azkan udalerri hori Uematik irtetekotan egon zen iaz, baina azkenean, mantendu egin dute. Mutriku ere, Uemako kide da.
Hainbat ildotan lanean
Erronkak markatu eta haien inguruan egiten ari diren lana argitzeaz gain, 2012ko egitasmoa eta aurrekontuak onartu dituzte Uemako ordezkari politikoek Zumaian egin berri duten bileran. Onarpena aho batez egin zuten.
Aurtengorako egitasmoaren baitan ondoko lehentasunezko esparruak markatu ditu Uemak: euskararen arnasguneak zer diren eta euskararen normalizazioan zer nolako garrantzia duten gizarteratzea, udalez udal barne erabilera planetan sakontzea eta udal administrazioetatik kanpoko esparruetan eragitea. Azken ildo estrategiko horretan, besteak beste, etorriberrien artean, lan munduan eta legezko babesaren bermeetan eragitea da lortu nahi dutena.
Zumaiako bileran, Kontseiluko Iñaki Lasa ere izan zen, eta euskararen normalizazioan udal adminitrazioek garrantzi handia dutela nabarmendu zuen. Horrekin batera, arrakastarako giltzarrietako bat «herri gogoa» egotea dela azpimarratu zuen. «Baina suaren apaltze bat sumatu dut».