«Dena lortzera» doaz berriatuarrak
Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketan protagonista nagusiak dira berriatuko zestalariak; iazko marka bardindu nahi dute aurten be
Berriatuko zestalariek abiada bizia hartu dute. Euskal Herriko kluben artekoan hiru jardunaldi pasa dira, eta hiruetan partida guztiak irabazi dituzte, bai seniorretan, baita ohorezko mailan be.
Iazko marka bardindu, edota «ahal bada hobetu» nahi dute Roberto Lekueren mutilek. «Dena lortzera goaz, aurten be». Iaz, kluben artekoan eurek lortu zuten garaipena, ohorezko mailan, Lekue eta Bilbaoren eskutik. Aurten, Lekuek Aimar dauka lagun, eta monentura arte, lan bikaina egiten ari dira. «Mutriku izan dute aurkaririk gogorrena momentura arte», dio Lekuek. «Gureekin batera, mutrikuarrak, markinarrak eta Gasteizkoak sailkatuko direlakoan nago».
Iaz ez bezala, seniorretan be parte hartzen ari dira berriatuarrak. Sei bikote dituzte lehian. Eta asteburu honetan lau bikote elkarren aurka ariko dira: Berriatua A-Berriatua C eta Berriatua B-Berriatua D. «Oraingoan batek edo bestek galdu egin beharko du, baina finalerdietara heltzeko arazorik ez dutela izango uste dut».
Seniorren lehiak zapatuan jokatu behar ziren, baina azkenean, atzo jokatu zituzten. Mendibarrenen izan ziren norgehiagokak.
Gainontzeko lehiak buruan
Iaz Bizkaiko klubentzako pisu handia duten hiru txapelketak eskuratu zituzten Berriatuko zestalariek: kluben artekoa (ohorezko mailan), Bizkaiko Txapelketa eta Corte Ingles Txapelketa (gazte zein senior mailan).
Aurtengo helburua iazkoa bere osotasunean errepikatzea dela sio Lekuek. «Aukerak dituztela ikusten dut», dio. «Pozik nago mutilekin eta pozik lortutakoagaz. Ilusio horri eustea nahi dut».
Berriatuko zesta eskolak kanpoko txapelketetan parte hartzeaz gain, herrian be antolatzen ditu norgehiagokak. Horren adibide dira, Desanexio Txapelketa, San Gregorio Txapelketa eta Banakako Txapelketa. «Mutilak martxan mantentzen ditu horrek. Euren prestaketarako baliagarria da, eta bide batez, frontoiari eta herriari bizia emoten diote».
Zesta eta pala
Berriatuko zesta eskolak orain artean zesta jokalariak bakarrik biltzen zituen.
Zestako 43 lizentzia dituzte berriatuarrek. «Umeen, txikien eta gazteen mailako bina zestalari ditugu. Besteak seniorrak dira».
Iaz, pala jokalarien lau lizentzia atara zituzten. «Bi berriatuarrak dira, eta beste bi ondarrutarrak», dio Lekuek. «Asteburu honetan ekingo diote Udaberri Txapelketari. Ia hauek be albiste onak ekartzen dituzten».