Hilaren 20tik aurrera Mendexarako bidea zarratuko dute Isuntza zubiaren parean
Bidea zabaltzeko obrek sei aste iraungo dute eta bitartean herrigunerako autobus zerbitzua autobus txikiagoen bidez egingo dute. Geltokiak betikoak izango dira. Bi autobusak koordinatuta egongo dira. Isuntza zubia zabalik egongo da erabiltzaileentzat
Otsailaren 20tik aurrera Mendexarako BI-4449 errepidea ezingo da erabili. Isuntza zubiaren parean gelditzen den errepidea bidea zabaltzeko beharrak direla-eta zarratuko dute. Barriro zabaldu arte sei aste pasatuko dira.
Obraren helburua errepidearen ikuspena hobetzea da. Horretarako, gora bidean ezkerretara gelditzen den horma zatia jango dute. Learri izango da obra zuzenduko duena. «Erabiltzaile asko kexatzen ziren errepide zati horretaz; bereziki, autobus gidariak. Errepidea estutu egiten denez, batetik, bi ibilgailu gurutzatzeko arazoak zeuden; bestetik, ez da ondo ikusten», adierazi dute Learritik.
Errepidea zarratuko duten arren, Isuntza zubia zabalik egongo da, eta erabiltzaileak ezelako arazorik barik pasatu ahal izango dira bertatik.
Autobus zerbitzua
BI-4449 errepidea da garraio publikora zuzendutako autobusek Mendexara igotzeko erabiltzen duten bidea. Mendexara heltzeko beste bi bide dauden arren, ez dira tamaina handiko autobusentzako egokiak. Hori dela eta, beharrak amaitu artean, autobus txikien zerbitzua jarriko du udalak martxan.
Autobus erabiltzaileek orain arteko geltoki berberak erabiliko dituzte Mendexara igotzeko edota handik jeisteko. «Beheko aldean, hostal inguruko geltokian hartuko dituzte autobusak. Autobus enpresakoekin berba egin dugu eta egoera zein den jakinarazi diegu. Erantzuna ondokoa izan da: autobusek Mendexatik datozen autobus txikiei itxarongo diete». Autobusek Karraspiorantz egingo dute bira hartu ahal izateko.
Aldundiak ordainduta
Mendexarako errepidearen ikuspena hobetzeko obra bere osotasunean Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko du. Udalak beharren zuzendaritza hartu behar zuen bere gain, eta Learriren bidez beteko du bere egitekoa.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2001ko azaroaren amaieran jakinarazi zuenez, errepideko beharrak egiteko eta haren inguruko gastuak ordaintzeko 212.000 euro erabiliko ditu. Learritik adierazi dutenez, beharren aurrekontua 180.000 eurokoa izango da.