Legatzak tenkada eduki du bere jaian
Legatza arrain preziatua dela aspalditik jakina da. Herria bera legatzagatik mundu zabalera ailegatu izan da lehen eta orain. Horren isla, inor gutxik huts egin zion zapatuan I. Legatz Egunari. Zaparrada eta guzti, 120 kilo legatz «pla-pla» eginda banatu zituzten Gu Alkarrekin Aurrera Elkartekoek Berdura Plaza sarrerako arkupean. Arin amaitu ziren, «konturatu orduko». 14:00ak orduko ez zegoen pintxorik. «Emon den guztia mamia da, inork esan barik ondarrutarrak lapurrak garenik», zioen, barrezka, Jose Mari Etxaburu Kankilloik. Bolondres aritu zen Etxaburu, beste asko modura. «Beraien laguntzarik ez balego, ezingo litzateke horrelako egunik egin», azaldu zuen Itsas Azoka Batzordeko kide batek. Kanpoan ez eze, barruan be eskuratu ahal izan ziren legatz pintxoak: alde zaharreko tabernetan eta Kafe Antzokian, besteak beste. Guztietan agortu egin ziren. «Edonoiz ezin da jan legatz freskorik», zioen gizonezko batek, pintxoa eskuan. Danetara, bi tona legatz fresko ipini zituen eskura armadoreen elkarteak. Kilo asko eta asko herriko bost jatetxetan zerbitzatu ziren, menu berezian. Izan be, Legatz Egunak badauka helburu argia: jendea herriko jatetxeetara etortzea, menua prezio eskuragarrian ipinita. Dana ez zen, dena dela, jatekora mugatu. Amuak egiten ikasteko postua be egon zen alde zaharrean. Hantxe zeuden Astilleru maketa elkartekoak, bisitariari txalupen maketak ez eze, soka eta pitagaz korapiloak egiten eraskuten. Tartean [...]
Legatza arrain preziatua dela aspalditik jakina da. Herria bera legatzagatik mundu zabalera ailegatu izan da lehen eta orain. Horren isla, inor gutxik huts egin zion zapatuan I. Legatz Egunari.
Zaparrada eta guzti, 120 kilo legatz «pla-pla» eginda banatu zituzten Gu Alkarrekin Aurrera Elkartekoek Berdura Plaza sarrerako arkupean. Arin amaitu ziren, «konturatu orduko». 14:00ak orduko ez zegoen pintxorik. «Emon den guztia mamia da, inork esan barik ondarrutarrak lapurrak garenik», zioen, barrezka, Jose Mari Etxaburu Kankilloik.
Bolondres aritu zen Etxaburu, beste asko modura. «Beraien laguntzarik ez balego, ezingo litzateke horrelako egunik egin», azaldu zuen Itsas Azoka Batzordeko kide batek.
Kanpoan ez eze, barruan be eskuratu ahal izan ziren legatz pintxoak: alde zaharreko tabernetan eta Kafe Antzokian, besteak beste. Guztietan agortu egin ziren. «Edonoiz ezin da jan legatz freskorik», zioen gizonezko batek, pintxoa eskuan.
Danetara, bi tona legatz fresko ipini zituen eskura armadoreen elkarteak. Kilo asko eta asko herriko bost jatetxetan zerbitzatu ziren, menu berezian. Izan be, Legatz Egunak badauka helburu argia: jendea herriko jatetxeetara etortzea, menua prezio eskuragarrian ipinita.
Dana ez zen, dena dela, jatekora mugatu. Amuak egiten ikasteko postua be egon zen alde zaharrean. Hantxe zeuden Astilleru maketa elkartekoak, bisitariari txalupen maketak ez eze, soka eta pitagaz korapiloak egiten eraskuten. Tartean zegoen Alberto Artola Txispas. «Umeak baino nagusiak etorri zaizkigu gehiago», zioen. Alboan lehiaketa zegoen. Karioki, kariokilli, antxoilli, gordi, popularra…, holan hamaikara arte. Gutxik igarri zituzten legatzaren izendapen guztiak. Baina guztiek pasatu zuten ondo.