“Legea bete ez izateagatik” Espainiako Estatuaren abokatuaren demanda jaso ostean, eta udal ordezkarientzat eta udalarentzat atzera ezinezko kalteak sor daitezkeela ikusita, Mutrikuko Udalak, «beste aukerarik izan gabe», Espainiako bande...
“Legea bete ez izateagatik” Espainiako Estatuaren abokatuaren demanda jaso ostean, eta udal ordezkarientzat eta udalarentzat atzera ezinezko kalteak sor daitezkeela ikusita, Mutrikuko Udalak, «beste aukerarik izan gabe», Espainiako bandera jarri behar izan du udaletxeko balkoian, ikurriñarekin eta Europar Batasuneko banderarekin batera.
Apirilean Carlos Maria de Urquijo Valdivielso Espainiako Gobernuak Autonomi Erkidegoan duen delegatuak errekerimendua luzatu zion Mutrikuko Udalari eraikin ofizialetan banderak erabiltzea arautzen duen legeria (13/1981 Legea) aplikatzeko, eta, ondorioz, Espainiako bandera jartzeko, horixe da-eta legeak ipintzera derrigortzen duen bandera bakarra.
Mutrikuko Udalak nabarmendu nahi izan du, 1981 urtetik indarrean dagoen legea izan arren, gaur artean udala ez dutela behartu horrelako erabaki bat hartzera, eta Espainiako Estatuak sekula ez duela hain estu eta gogotsu hartu lege hori betearaztea. Azkenik, hartutako erabakia udal gobernuaren gogokoa ez dela azpimarratu nahi izan dute udal ordezkariek.