Umeen Eguna ezin hobeto doa
Haur parkean, Egañaneko frontoian eduki dute gaur ere umeek eguneko lehenengo hitzordua. Orduek aurrera egin ahala, erraldoien eta buruhandien konpartsak Gure Ametsa Dantza taldeari egin dio tartea: 12:00etan kalejiran joan dira umetxoak, eta ostean,...
Haur parkean, Egañaneko frontoian eduki dute gaur ere umeek eguneko lehenengo hitzordua.
Orduek aurrera egin ahala, erraldoien eta buruhandien konpartsak Gure Ametsa Dantza taldeari egin dio tartea: 12:00etan kalejiran joan dira umetxoak, eta ostean, Goiko Plazan batuta, erakustaldia egin dute. Ikus-entzule gehienek eskaileretan jesarrita jarraitu dituzte dantzak. Txalo zaparradapean utzi dute dantzariek Goiko Plaza.
Pottokak eta zezen txikiak etorri dira gero. Zezenen aurrean, batek baino gehiagok erakutsi du trebetasuna, eta begira zeudenek txaloz erantzun diote ausardiari. Hesiaren atzean beldurtu denik ere ez da falta izan, zezen txikiek salto batez botako zutenaren ustean.

Umeen jaieguna Herrira Eguna ere bada gaurkoan; 15:00ak bueltan, bertso bazkaria hasteko azkenengo ikutuak ematen zebiltzan Beheko Plazan. Sukaldariek prest zeuzkaten entsalada eta marmitako goxoa. 65 lagunek bat egin dute mahaian, tartean Sustrai Colina eta Iñaki Apalategi bertsolariek. Umore ona nagusitu da bazkalostean. Hona hemen bertso bat: «Funtzioak daudenez lagun bakoitzeko, Gorka eukitzen dute txosna montateko; Iker kozinatzeko eta zerbitzeko, ta onduan Xoxua, giroa jartzeko».

