
Gaur 18:30ean irekiko dira Udal Erakusketa Aretoko ateak. Irailaren 30era arte bertan egongo dira Uxu Emakumeen Taldeak antolatuta, Marian Etxabe Aristondo ondarrutarraren margoak. Lanak astelehenetik barikura, 18:30etik 21:00etara egongo dira ikusgai, eta zapatu-domekan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.

Zuzendaritzan aldaketa nahikoa eginda, baina betiko konpromiso eta helburuekin hasiko du 2012-2013 futbol denboraldia Aurrera Kirol Elkarteak. Ilusioz datoz guztiak, mailaz maila gauzak ondo egiteko gogoz. Eta hori guzti hori futbol zelai barrituan ipiniko da, gainera, jokoan. Ekipazioa be barria izango da, aspaldiko nahia beteta, iazko denboraldian elkarteak izan zituen sarrerei esker. Desio bat baino gehiago be beteko du elkarteak: 91 urte beteta, estreinako, emakumeen taldea egongo da. Eta pauso bat gehiago emonda, Aurrera Futbol Eskola ipiniko da martxan, euren kirol gustukoenaz gozatu nahi duten neska-mutilei lekua emonaz. Futbol eskolaren berri emoteko, astelehenerako gurasoentzako batzarra deitu du Aurrerak, 19:30ean, Kofradia Zaharrean. Hantxe zabalduko dute ekimen barriaren gaineko informazio guztia. Zelaiko obrak amaitu bitartean, Markina-Xemeingo Barroeta futbol zelaian jokatuko dituzte talde guztiek etxeko partiduak. «Artibaik emondako laguntza eskertu nahi dugu, bihotzez», adierazi du Eladino Gonzalez Aurrerako lehendakariak. Nagusien ohorezko maila Gotzon Basarasek laneko kontuak tarteko entrenatzaile postua laga behar izanda, Mikel Aramaio Aristondok hartu du lehen taldearen ardura. Haritz Fernandez izango du bigarrena. Prestatzaile fisikoa Mikel Aramaio Basterretxea izango da, eta Iñaki Bedialauneta atezainena. Aurreko urteetan gertatu legez, jokalari askok laga dute taldea: Ander Laka Azkoitiko Anaitasunara joan da, Jon Burgoa eta Ruben Gabilondo Elgoibarrera; Ibai Aramaiok, bestalde, futbola laga du. [...]
