Gomez Bermudezek proba batzuk aztertu ostean emongo du jakitera Igor Urrestiri zer egozten dioten
Sekretupean jarraitzen du Igor Urresti ondarrutarraren gaineko sumarioak. Proba batzuk aztertzeko epea zabalduta, Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hogei bat egunean emongo du jakitera Urrestiri zehazki egozten diona. Hiru egunean inkomunikatuta egon eta gero, bariku arratsaldean pasatu zuten atxilotua epailearen aurretik. Urrestik ez zuen deklaratu, eta uko egin zion ADN probak egiteari. Bere aldetik, epaileak «erakunde terrorista bati laguntzeaz» akusatuta dagoela adierazi zion. Epaiketa gelatik atera ostean, defentsa abokatuak eta senideek beragaz egoteko aukera eduki zuten. Hamar minutu eduki zituzten senideek ikusteko. Zapatuan, Soto del Realeko espetxean (Madril, Espainia) bisitatu ahal izan zuten, ohiko bisitak legez, 40 minutuan. Zurrunbilo errepresiboa Gernikako Akordioari atxikitutako herriko eragileek «kezka eragiten duen gertakaritzat» jo zuten barikuan, Igor Urrestiren atxiloketa, are gehiago «maitzaz geroztik Gobernu espainiarretik eta frantsesetik etorritako erasoek Ondarroako herria zurrunbilo errepresiboan murgildu arazi duten honetan». Horren harira, Xabi Aranbururen atxiloketa, zazpi herritarren kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa, Kemen Urangaren atxiloketa eta espetxeratzea eta Endika Ahendanech ondarrutar gaztearen aurkako epaiketa ekarri zituzten gogora. «Estatu espainiarraren jarrera errepresiboak ez dauka etenik. Jarrera errepresibo horrek berebiziko isla eduki du Ondarroan, eta esan legez, horrek kezka eragiten digu, hala nola, Euskal Herrian bakea lortu ahal izatea oztopatzeko estrategia eta borondate argia adierazten duelako». [...]
Sekretupean jarraitzen du Igor Urresti ondarrutarraren gaineko sumarioak. Proba batzuk aztertzeko epea zabalduta, Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hogei bat egunean emongo du jakitera Urrestiri zehazki egozten diona.
Hiru egunean inkomunikatuta egon eta gero, bariku arratsaldean pasatu zuten atxilotua epailearen aurretik. Urrestik ez zuen deklaratu, eta uko egin zion ADN probak egiteari. Bere aldetik, epaileak «erakunde terrorista bati laguntzeaz» akusatuta dagoela adierazi zion.
Epaiketa gelatik atera ostean, defentsa abokatuak eta senideek beragaz egoteko aukera eduki zuten. Hamar minutu eduki zituzten senideek ikusteko. Zapatuan, Soto del Realeko espetxean (Madril, Espainia) bisitatu ahal izan zuten, ohiko bisitak legez, 40 minutuan.
Zurrunbilo errepresiboa
Gernikako Akordioari atxikitutako herriko eragileek «kezka eragiten duen gertakaritzat» jo zuten barikuan, Igor Urrestiren atxiloketa, are gehiago «maitzaz geroztik Gobernu espainiarretik eta frantsesetik etorritako erasoek Ondarroako herria zurrunbilo errepresiboan murgildu arazi duten honetan». Horren harira, Xabi Aranbururen atxiloketa, zazpi herritarren kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa, Kemen Urangaren atxiloketa eta espetxeratzea eta Endika Ahendanech ondarrutar gaztearen aurkako epaiketa ekarri zituzten gogora. «Estatu espainiarraren jarrera errepresiboak ez dauka etenik. Jarrera errepresibo horrek berebiziko isla eduki du Ondarroan, eta esan legez, horrek kezka eragiten digu, hala nola, Euskal Herrian bakea lortu ahal izatea oztopatzeko estrategia eta borondate argia adierazten duelako».
Kontran, Euskal Herrian bakea lortu eta konponbidea lortzeko inoizko aukerak sortu direla adierazi zuten, horretarako, baina, gobernuek mantentzen duten jarrera itxiagaz amaitzea «ezinbestekotzat» joaz. «Ezinbestekoa da eskubide urraketa larriak eragiten dituzten neurriekin amaitzea».
Gauzak horrela, atxiloketak gera daitezen eta inkomunikazioa eta tortura betirako desagertu daitezen, atxiloketa bat egoten den bakoitzan ekinbide bateratua abiatzeko konpromisoa azaldu zuten, Ondarroan «ahal bezainbat eragile batzea» helburu izango duena.
Atxiloketa, mahai gainera
Urrestiren atxiloketari lotuta, Gernikako Akordioaren sinatzaileek mozioa aurkeztuko dute hurrengo Ondarroako udalbatzarrean –eguena, irailak 27– eztabaida dadin. Hiru eskari nagusi jasoko ditu mozioak: Espainiako eta Frantziako gobernuei jarrera aldatzeko eskatuko diete; atxiloketekin amaitzeko eskaera be jasoko du mozioak, bai eta Urrestiren askatasun eskaria be. Mozioaren sinatzaileak hurrengoak dira: OGA, Radixu Irratia, AEK, Uxu, Kresala, Artelan, Aurrera Mendi Taldea, Aurrera Futbol Taldea, Bertso Taldea, Zubi Zahar ikastola, Arrigorri Itsas Elkartea, Ondarroako Historia Zaleak, Artibai Judo, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, LAB, Garraxika, Etxerat, Ikasle Abertzaleak, Allarte eta Ein Daigun Bidi herri ekimena.