Herriko ahozko ondarea eta herri hizkera biltzeari ekingo dio Mutrikuko Udalak
«Gure herrieko adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea da gure asmoa». Horrela azaldu du Joseba Palentzuela alkateak Badihardugu Euskara Elkartearekin sinatu duen hitzarmenaren mamia. Aurrerantzean, Ahotsak egitasmoan p...
Euskal Herriko 220 lekukotasunetik gora ditu jasota Badiharduguk Ahotsak egitasmoaren baitan, tartean Mutrikuko zenbait, Badiharduguko presidente Asier Sarasuak azaldu duenez. «Hitzarmena sinatzeak, ordea, proiektuari ofizialtasuna ematen dio, beste maila bateko nortasuna».
Hitzarmenaren arabera, udal euskara teknikaria izango da elkarrizketak egingo dituena, eta Badiharduguko kideek kodeatuko dituzte grabaketak. Behin kodeketak eginda, herritar guztien esku jarriko dute materiala ahotsak.com webgunean. «Proiektuaren filosofia hori da, eta horrekin egiten dugu bat. Ez genuen museo izaera duen fitxategi bat sortu nahi, eta Ahotsak egitasmoaren izaera hori izanik, eta duten esperientzia baliagarria izango zaigula aurreikusita, erabaki dugu elkarlanean aritzea», azaldu du alkateak.