Hurrengo agintaldian Ogasuna eta Finantzak bideratzeko ardura, Ricardo Gatzagaetxebarriaren esku utzi du Iñigo Urkulluk. Madrilen senatari izandakoa, Eusko Legebiltzarreko parlamentaria da ondarrutarra, 2005. urteaz geroztik. Ekonomia arloan Eusko Alderdi Jeltzaleak Gasteizen duen gizonik indartsuenetakoa da, eta alor horretan Patxi Lopezen «arerio nagusienetakoa» izan da aurreko agintaldian.

Zapatuan hartu zuen lehendakari kargua Iñigo Urkulluk, eta «Europan bere kabuz ibiliko den Euskadiren alde» lan egingo duela esan zuen. Lehenengo hitzordua gaur bertan izango dute, Aholkularitza Batzordeak bilera egingo baitu. Besteak beste, funtzionarioen 2013ko ekaineko aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratu daitekeen eztabaidatuko dute, abenduko aparteko ordainsariari buruz Auzitegi Konstituzionalak ebazpena emon bitartean. Era berean, 2013ko aurrekontuei be helduko diete. Horren harira, kontuak zelan dauden jakiteko auditoria bat eskatuko duela esan du Urkulluk.