Auzokako batzarrak egingo dira herri hausnarketaren barruan Lekeition
Lekeitioko herri hausnarketa badoa pausoz pauso aurrera. Diagnostikoa egiteko fasea amaitzear dago jadanik. Halan eta be, oraindik badaude urtarrilean aurkezpena egin aurretik falta diren ekimen eta batzarrak. Horietan be parte hartzeko eskaria egiten du Udalak.
Alde batetik, abenduaren 23an jasoko …
Lekeitioko herri hausnarketa badoa pausoz pauso aurrera. Diagnostikoa egiteko fasea amaitzear dago jadanik. Halan eta be, oraindik badaude urtarrilean aurkezpena egin aurretik falta diren ekimen eta batzarrak. Horietan be parte hartzeko eskaria egiten du Udalak.
Alde batetik, abenduaren 23an jasoko dira diagnostikoa osatzeko buzoietara banatu ziren inkestak. Horiek entregatzea «oso garrantzitsua» dela adierazi du Lekeitioko Udalak, «herritarren iritzia jaso ahal izateko». Gainera, hilaren 23an bertan, inkestak betetzeko aukera egongo da eskolapeko kioskoan.
Beste alde batetik, abenduaren 27an, auzokako batzarrak egingo dira, 18:00etan, Kultur Etxean. Batzar horietan diagnostikoa osatzen ahaleginduko direla jakin eragin du udalak. «Orain arte arloka egin dugun moduan, auzokako batzarretan auzo eta herri ikuspegitik osatuko ditugu herriaren indarguneak eta beharrizanak», adierazi dute.
Egindako batzar irekiei balorazio positiboa egin diete herritarrek, baita Udalak be.
Udalak parte hartzea eskatzen duela azpimarratu nahi izan du: «Batzarretan ateratzen diren eta geroko eztabaidetan ondorioztatuko diren ideiak hurrengo urteetarako plangintzetan kontuan hartuko diren gidalerroak izango dira», adierazi du Udalak. «Herrian zer daukagun eta zer behar den herritarrek baino hobeto inork ere ezin dezake esan», gaineratu dute.
Herritarrek be positiboki baloratu dute ekimena: «Horrelako ariketa gehiago egin beharko lirateke» edota «eskertzekoa da Udalak herritarrei galdetzea zer egin nahi dugun» modukoak batu dituzte batzarretako balorazioetan.
Urtarriletan diagnostikoaren aurkezpena egingo dutela jakin eragin dute Udaleko ordezkariek. Aurkezpen horretan bertan, bigarren fasea zelakoa izango den be azalduko dute.