Materiala saltzeko herri denda jarriko da Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak bigarren eskuko materialen herri denda antolatu du Gabonetan. «Bizikletak, eskiak, liburuak, instrumentuak, altzari txikiak… danetik ekar daiteke», diote gazte asanbladakoek. Abenduaren 27tik 29ra egongo da denda zabalik, 18:00etatik 21:00etara, kultur aretoan.
Abenduaren 26an material bilketa egingo …
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak bigarren eskuko materialen herri denda antolatu du Gabonetan. «Bizikletak, eskiak, liburuak, instrumentuak, altzari txikiak… danetik ekar daiteke», diote gazte asanbladakoek. Abenduaren 27tik 29ra egongo da denda zabalik, 18:00etatik 21:00etara, kultur aretoan.
Abenduaren 26an material bilketa egingo da. Dendan parte hartzeko edozein pertsona zein kultur taldek eroan ahal izango du materiala kultur aretora, han saltzen ipintzeko. Norberak jarriko du norbere materialaren prezioa. Saltzen ez bada, denda zarratzean bueltan hartu ahal izango da eroandakoa.
Funtzionamendua errazteko, materialaren jabeak han lagatzen duenari buruzko fitxa bat bete beharko du. Fitxa horretan bere izena, telefonoa eta prezioa jarri beharko ditu. Horrela, interesatuta daudenek berarekin kontsultatu ahal izango dituzte zalantzak.
Antolatzaileen esanetan, dendara ekartzen den materiala «egoera onean» egon beharko da Bestela, antolatzaileek salgai ez jartzeko aukera edukiko dute.
Abenduaren 27tik 29ra egongo da herri denda zabalik, herritarrek bertan dagoena ikusi eta erosi ahal izatzeko.
Abenduaren 29an, 20:00etatik 21:00etara, saltzen ez den materiala batuko da. Baita saldutakoen dirua be.
Herri dendaz gain, abenduaren 29an, arropa trukaketa be egongo da kultur aretoan bertan.
«Erabiltzen ez den arropa trukatu edo norbaiti emateko saioa izango da», adierazi dute gazte asanbladako kideek. «Arropa asko daukagu etxean inoiz erabiliko ez duguna», diote. Arratsalde horretan aukera egongo da norberak erabiltzen ez duena beste batek aprobetxatzeko, edota gustatzen zaigun beste bat etxera eroateko.
Arropa trukaketan jabe bakoitza bere arroparen kargu egin beharko dela azaldu dute antolatzaileek.